Gipuzkoako EH Bilduk mahai politikoa berresteko batzarra egin du, eta hautatutako hogei kideen artean dira Amaia Etxabe arrasatearra eta Xabier Igartua oñatiarra. Idazkaritzako ordezkariak dira hautatuetako batzuk, tokiko arduradunaren prozesuaren baitakoak beste batzuk, eta hiriburuetako bozeramaileak ere badira. Horrez gain, alderdietako ordezkaritzat hartuko dute parte kideetako batzuek mahai politikoan, eta hori da, hain zuzen ere, Etxaberen kasuan, Sortuko kidea baita. Eta azkenik, eskualde irizpidearekin proposatutako hautagaiak daude: bada, hor da Igartua, bailarako EH Bilduko ordezkaritzat.
Nekane Zinkunegi, Gipuzkoako EH Bilduren arduradun politikoa, da mahai politikoaren gidaria, eta etorkizunera begiratu beharraz jardun du: "Epe motzeko neurri efektistez harago, epe luzeko ikuspegiaren proiektu partekatuak eraikitzeko unea da, baita Gipuzkoan ere. Egungo foru gobernua gutxiengoan gotortuta dago, unean uneko kudeaketara mugatuta, eta horrek gipuzkoarren interesak bazter utzita aritzera darama". Hala, adierazi du EH Bildu "prest" dagoela "lidergoa hartzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko Gipuzkoa abangoardia izan dadin". Maddalen Iriartek, EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak, berriz, honako hau erantsi du: "Gaur inoiz baino gehiago argi daukat Gipuzkoak ezin duela gehiago itxoin. Gipuzkoa funtsezko une batean dago. Herritarrek aurrera egin dute (...) Baina erakunde batzuk atzean geratu dira (...) Eta gurea bezalako herri bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena da geldirik egotea, mundua etengabe biraka ari den bitartean, galdera berriak, galdera zaharrak gainditzen ari direnean".