Domekan emango diote bukaera Euskaraldiari Gatzagan, Gatz Bidean egindako ibilaldi batekin. Maiatzaren hasieran hasi ziren txapak banatzen, Gatz Eguna ere baliatu zuten izen-emateak bultzatzeko, eta maiatzaren 16an, ekimena hasi eta hurrengo egunean, ekin zioten ekimenari, Dorletara bidean, aurreko Euskaraldiaren edizioan margotutako enborrean iazko mezua birmargotuta: Ez deila igartu berbia. Eta ahobizi eta belarriprest txapak jarri zituzten enborrean.
Gainontzeko herritarrak ere bai
Hori guztia eginda, ekimenari agur esateko ordua iritsi da Gatzagan ere, baina ez dute bakarrik egingo. 10:30 aldera irtengo dira aretxabaletarrak, Herriko Plazatik, Eskoriatzara bidean. Gero, 11:00 bueltan, hara iritsiko dira, eta bi herrietako kideek Gatz Bidean ibilaldia egingo dute, Gatzagaraino. Eguerdi partera iritsiko dira, 12:30 aldera, eta, orduan, "ongietorria" egingo diete gatzagarrek, Euskaraldiko dinamizatzaileek jakinarazi duenez. Herrira iristearekin batera, mokadutxorako tartea ere izango dute ekimenera batzen diren guztiek, eta trikitilariek girotuko dute Gatzagako plaza; jolasak ere egongo dira. Ekimena bukatzeko, herri guztietako ordezkariak elkartu eta argazki bat aterako dute; gero, kantuan jarraituko dute.
Ekintzak "ondo" joan dira
Gatzagako Euskaraldiaren bueltako ekintzak "ondo" joan direla adierazi dute antolatzaileek: "Euskaraldiari hasiera emateko, gastronomia elkartean txapa banaketa eta pintxo-potea egin genuen, oso giro onean. Gainontzean, astea lasai joan da, gora-behera handirik gabe". Baloraziorik ez dute egin oraindik. "Ekintzak bukatu ostean" egingo dute hori. Hala ere, adierazi dute "sentsazio orokorra dela orokorrean aurreko edizioetan baino txapa gutxiago ikusi direla herrikoen zein kanpotik etortzen direnen artean".