Ritmiks Europako Musikari Gazteen Jaialdiak 15. edizioa ospatuko du maiatzaren 29tik ekainaren 1era Katalunian, eta 45 debagoiendar gazte han izango dira: Oñatiko Jose de Azpiazu Musika Eskolatik hamabost trikitilari, eta Bergarako Musika Eskolatik 30 trikitilari eta dantzarik parte hartuko dute nazioarteko jaialdi honetan.
Lau egun horietan hemezortzi herrialdetako berrehun musika-eskolatako taldek eta orkestratako 4.000 musikari gaztek euren proiektuak aurkeztuko dituzte kontzertu eta emanaldietan. Guztira, hirurehun kontzertu emango dira berrogei udalerri desberdinetan, eta debagoiendar gazteek ere horietako hainbat emanalditan hartuko dute parte. Jaialdia Vic hirian hasiko da maiatzaren 29an, eta bertan elkartuko dira partaide guztiak.
Esperientzia honek beste herrialdeetako gazteak ezagutzeko aukera emateaz gain, elkarren proiektuak ezagutzeko eta hauetaz gozatzeko aukera ere emango die debagoiendar gazteei.