Debagoienean ere izana den Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, "aisia eta dibertsioaren bidez, euskarari egin dion eta egiten dion ekarpen berritzailearengatik", Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, azaldu duenez: "Euskararen normalizazioa, kulturaren deszentralizazioa, familia arteko aisialdia eta bertako talentuaren sustapena uztartzen ditu modu berritzaile eta atseginean", eta erantsi du "era horretan, euskal hizkuntzaz eta euskaraz sortutako kulturgintzaz gozatzeko parada eskaintzen diela haur, gazte zein helduei".
2017an sortu zuten Gure Zirkua, "Euskal Herrian sorturiko zirku ibiltaria, bertako langile eta artistek egiten dutena eta euskalduna", Foru Aldundiaren hitzetan. "Geroztik, pixkanaka-pixkanaka eta herriz herri, ibilbide esanguratsua ari da pilatzen euskararen herri osoan zehar, zirkuan parte hartzen duten artisten sormen lan ederrari esker", eta, tartean, baita Debagoienean ere, lau herritan izan baita urte hauetan guztietan: Elgetan, Eskoriatzan, Arrasaten eta Aretxabaletan.
Ruper Ordorikaren kontzertuak
Mende laurden bete du sariketak, eta, hori ospatzeko, programazio eta ekintza bereziak antolatuko dituztela jakinarazi du Foru Aldundiak, "euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egin dezagun". Bada, Ruper Ordorika musikari oñatiarraren kontzertua izango da lehendabiziko hitzordua: Hendaiako Abadia jauregian, hilaren 31n. Antolatzaileek azaldu dutenez, "formatu txikiko kontzertu irekia" izango da, baina aurrez sarrerak eskuratzea "beharrezkoa" da; horretarako aukera gaur ireki dute gipuzkoa.eus/abadiasaria atarian.