Udako campus bi antolatu ditu Mondragon Unibertsitateak DBHko eta batxilergoko ikasleek euren "interesak araka" ditzaten eta etorkizun akademiko eta profesionalean "erabakigarriak izan daitezkeen eremuak" ezagutzen laguntzeko.
Ingeniaritza campusa lehenengoz
"Ingeniaritza ezagutzera" ematea da helburuetako bat eta Iturripeko campusean egingo diren jardueretan hainbat espezialitateri buruzko ikuspegi orokorra emango diete. Diseinua, informatika, elektronika, mekanika, biomedikuntza eta kudeaketa arloak jorratuko dira, eta ikasleek, orientazioa jasotzeaz gain, saio praktikoak egingo dituzte. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean elkartuko dira, 9:30etik 13:30era.
Komunikazio campusa Aretxabaletan
Aretxabaletan hirugarrenez egingo den campusa Ikus-entzunezko Komunikazioko graduak antolatu du Goienarekin lankidetzan. Parte-hartzaileek telebista platoen funtzionamendua, kamera aurrean hitz egiteko trebetasunak, podcastak egiteko prozesua, fotokazetaritza eta sare sozialak landuko dituzte eta Goiena telebistaren platoa eta erredakzioa bisitatuko dituzte. Berrikuntza moduan, bideo-podcast bat sortzeko eta sare sozialetan zabaltzeko aukera izango dute.
Izen-ematea zabalik
Campusak DBHko 3. eta 4. mailetako eta batxilergoko 1. mailako ikasleei bideratu dizkiete eta interesdunek dagoeneko eman dezakete izena Udako Campusaren webgunean. Horretarako azken eguna ekainaren 13a izango da. Bi campusen prezioa 250 eurokoa izango da eta campus bakarrarena 150 eurokoa; bi aukeretan bazkaria barne.
Ingeniaritza campusa ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean izango da eta Komunikazioari dagokiona uztailaren 7tik 11ra artean; biak ala biak goizez egingo dituzte: 9:30etik 13:30era, ondoren bazkaltzeko aukerarekin.