Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur goizean ohartarazi duenez, Telefonica konpainiaren linea finkoetan intzidentzia bat izan da, eta horrek gorabeherak eragin ditu 112 zenbakian. Horrenbestez, arazoa konpondu bitartean, 900 112 088 telefono zenbakira deitzeko eskatu du; hala ere, egoera "normaltasunera" itzuli da.
Larrialdiak Kudeatzeko Zentroko langileak 04:00ak aldera ohartu dira arazoaz, herritar batzuek behin baino gehiagotan deitu behar izan baitute 112 telefono zenbakira: "Pertsona batzuek behin eta berriz deitu behar izan dute, eta sartzen ziren deietako batzuetan pertsonen ahotsa eteten da. Hori dela eta, zentroko operadoreek deia itzuli die 112 telefono zenbakira deitu nahian zeuden pertsona horiei". Hala ere, Jaurlaritzak jakinarazi du goizeko 12:10ean zerbitzua "erabat" konpondu dutela, eta "normaltasunera" itzuli dela.
Larrialdiak Kudeatzeko Zentroko arduradunak, Jaurlaritzaren arabera, "etengabe" egon dira telefonia-konpainiarekin harremanetan, "gorabehera hori ahalik eta lasterren konpontzeko".