Lesakatik abiatuko zen Puzzlea osatu arte! ekimeneko furgoneta, atzo, zapatua, 10:00etan, eta gaur heldu dira Iruñeko helmugara, 19:00etan. Ibilbidean, espetxean dauden presoen sorterrietatik igaro da, salbuespenik gabeko espetxe-politika eta behin betiko konponbidea aldarrikatzeko.
Hain zuzen ere, herri horien artean dira Eskoriatza eta Oñati. 23. eta 24. geldialdiak egin dituzte bailarako bi herri hauetan, eta Beñat Uribetxeberriak, Sare Gipuzkoako arduradunak "hemen Eskoriatzan Mari Sol Iparragirre da kalea zapaltzen ez duten 57 preso horietako bat" azpimarratu du. Gainera, eskoriatzarrari salbuespenak bete-betean eragiten diola esan du, eta lege aldaketan eragingo dion arren, ez dakite noiz izango den. Hortaz, bide hori ez luzatzeko eskatzen dute Saretik: "legeak ez dira interpretatzeko, baizik eta eraginkor egiteko".
Bailarako gainerako herritako herritarrak ere batuko dira ekimenera, Eskoriatzara Aretxabaletatik, Arrasatetik eta Leintz Gatzagatik gerturatu dira. Oñatira, berriz, Bergara, Antzuola eta Elgetatik. Hala, bi herritako plazetan puzzlea osatzeko piezak jaso dituzte aurreikusita zuten ekitaldi nagusian.