Aloña, UDA eta Arizmendi batzen dituen taldeak partidu erabakigarria jokatu du arratsaldean, Oñatiko Azkoagainen: eskura zuen igoera eta lortu du. Markagailuan aurretik joan da, uneoro: 2-0 amaitu du lehen zatia; eta 3-1, bigarrena. Goierri Gorrik ez dizkio gauzak erraz ipini, baina Debagoieneko taldea gehiago izan da. Malen Uribesalgo eta Ane Barrenetxea izan dira golegileak –bi sartu ditu lehenak; eta bat, bigarrenak–, baina taldean jarri du azpimarra Aitor Guridi Txisto entrenatzaileak: "Kontu ez da zeinek, nola baizik. Azkenean, taldeak irabazten du". Horixe izan dela dio denboraldian zehar egiteko modua, taldean aritzea: "Aurreko urtean sufritzea egokitu zitzaigun, baina balio izan digu, aurtengora begira, oinarriak ipintzeko: taldea egin, gauzak ondo egiten hasi... musiko onak genituen, baina sintonia txarra zen. Musika ona egin behar genuen eta lortu dugu. Gauzak ondo eginez gero, emaitzak onak izaten dira".
Garaipenak suposatzen zuenaz jakitun, etxeko taldea ospakizunean murgildu da, arbitroak partidu amaiera adierazteaz bat: saltoak, besarkadak, itzulipurdiren bat... pozez zoratzen azaldu dira guztiak.
Datorren astean jokatuko da denboraldiko azken neurketa; multzo bakoitzeko talde irabazleak –Debagoiena Bailara eta Irungo Landetxa– ariko dira, nor baino nor. Hori irabaztea litzateke azken ginga, Txisto-ren esanetan. Eta aurrera begira, nahi bat ere adierazi du: "Ea lortzen dugun proiektu honen parte garen hiru kirol elkarteak ondo koordinatzea eta gauzak ondo egitea. Epe luzerako izan dadin pentsatu eta lan egin behar dugu".