Sad 20's bigarren diskoa kaleratu berri du Jon Izaga Mutiko-k (Aramaio, 1998), Densorekin batera. Musika urbanoari eta kolaborazioei eutsi die hamar abesti dituen lanean.
Bigarren diskoa labetik atera berri; zer-nolako lan prozesua izan da?
Prozesu oso luzea izan da. 2023an Game over atera genuenetik, biran ibili gara ia-ia bi urtez geratu barik. Diskoan zentratzea zaila izan da eta lana luzatu egin da. Azkenean, bi urte izan dira hasi nintzenetik bukatu arte.
Densorekin elkarlanean egindako lana da.
Diskoa biona da. Ekoizpen guztietan dago Denso. Ez du ekoizpen guztien mamia egin, Malakiasek, Txusok eta BIGG3Mk egin baitituzte besteak, baina egon da grabaketan konposizioan, eta abesti guztietan sartu ditu ukituak.
Zer-nolako diskoa da?
Ez da estilo urbanotik aldentzen, baina Game over baino paleta zabalagoa dauka. Esaterako, 80ko synthwave-a, adibidez. Soinu-gama zabalago bat du. Idazteko modua eta teknika urbanoa dira. Unibertso berean dago.
Diskoaren izenak atentzioa eman dit; tristea iruditu zait.
Ideia zen Happy 20's-en kontra- partida egitea. Entzuten dudan musika ere tristea da askotan, eta hori egitea ateratzen zait.
Baduzu kontzerturik lotuta?
Bihar, Zestoan izango naiz. Udan, txosnetan ibiliko gara. Ostean, hiriburuetan kontzertuak egitea da asmoa. Momentuz, ez daukat dena lotuta.
Aramaion ikusiko zaitugu?
Ez dakit. Oraindik ez daukat ezer baieztatuta, baina espero dut baietz.