Laugarren Euskaraldiari hasiera emateko gero eta egun gutxiagoren faltan, ariketa sozialaren koordinatzaile nagusi Goiatz Urkijo Castañaresek (Laudio, 1994) zer giro sumatzen duen eta aurtengo helburuak zeintzuk diren kontatu du.
Aurreko aldiekin alderatuta, nola dator 2025eko Euskaraldia?
Herrietan giroa bero dagoela sumatzen dugu. 2018ko lehen edizioa izugarria izan zen, espektatiba guztiak gainditu ziren, mugimendu handia sortuta. 2020an pandemiak jotakoa izan zen, eta, ondo baloratu genuen arren, mugimendurik ez zen egon, halabeharrez. Hirugarren edizioan bai, baina batzorde batzuk aktibatu gabe zeuden artean. Aurten, berotasun hori sumatzen dugu, herrietan ari direlako txapak banatzen, egitarauak prestatzen, izen-emateak sustatzen eta entitateetara bisitak egiten. Pozik gaude, beraz.
Aldaketaren bat edo beste ere badakarzue.
Nabarmenena da udaberrian egingo dugula lehen aldiz. Aurrekoak azaro eta abendu artean izanik, giro hotz eta ilunagoak bizi izan genituen. Maiatzeko egun luze eta eguzkitsuek lagunduko diote ariketari. Kalean egongo gara gehiago, elkarrekin. Zalantza barik, horrek on egingo dio Euskaraldiari.
Debagoieneko batzordeak martxan daude; eta Euskal Herrian zein da egoera orokorra?
Inoiz baino herri gehiagotan sortu dira batzordeak, eta lehen edizioko kopuruetara etorri gara. 400 herrik baino gehiagok eman dute izena. Jendea ilusioz dago, batzorde asko indartsuago daude. Herri-batzorde barik eta herrietan sortzen den mugimendu barik, ez legoke Euskaraldirik. Lau haizeetara zabaltzen ari da, eta oso berri pozgarria da hori.
Proposamen orokorra egiten duzue, baina tokian tokiko egoera ezberdina da.
Polita da ikustea nola moldatzen duen ariketa soziala jendeak tokian tokiko beharretara. Osagarriak diren beste ekintza batzuk sortu dira; adibidez, Euskaraldia Hika. Arnasguneetatik jaso dugun feedbacka da Euskaraldiarekin epel izan zitezkeen batzuentzat pizgarria izaten ari dela dinamika hori.
Ikasi al dugu ahobizi eta belarriprest portaeren esanahia?
Hirugarren edizioko ikerketek baietz diote, rolak ondo ulertzen direla. Gaitasuna alde batera utzi eta jokaeran jartzen ari gara arreta aurten. Jada ez dugu horrenbeste errepikatzea zer den rol bakoitza; uste dugu pantaila hori gainditu dugula. Orain nahi duguna da euskaldunak euskaldunari euskaraz egitea. Sinplea iruditu arren, askotan kosta egiten zaigu, estres linguistiko hori tartean dugulako. Ahobizi eta belarriprest-ei azaldu nahi izan diegu, modu errazean, helburua dela lehen hitza euskaraz egitea eta ulertzen duten guztiekin beti euskaraz egitea.
Aurten ere ahobizi-ak gehiago izango dira belarriprest-ak baino?
Ohi bezala, ziur aski bai. Jendeak ongi egingo balu ariketa, izugarria izango litzateke. Hori da ortzi-muga, gero eta ahobizi gehiago egotea. Bestetik, iruditzen zaigu belarriprest-engana zaila dela iristea, lotsak tarteko. Baina belarriprest-ak behar ditugu ariketan. Zalantzaren aurrean, guk belarriprest rola hautatzea gomendatzen dugu, euskaraz ere egiten dutelako. Egia esan, gaitasunaren alor horretara jotzen dugu automatikoki, baina ulertu behar dugu nahiz eta une oro eta ehuneko ehunean euskaraz ez egin oso garrantzitsuak direla.
Euskararen erabilera sustatzeko tresna masibo eta eraginkorrena Euskaraldia dela diozu.
Izan ere, ezagutzaren unibertsalizaziorantz lan handia egin da aurreko hamarkadetan, eta horri esker oinarri bat ezarri zen erabileraren arorako jauzia egiteko. Ezagutza bermatuta daukagu, jarraitu egin behar dugu horretan lanean, eta iruditzen zaigu badaudela bermeak ezagutzatik erabileraren arora jauzi egiteko. Euskaraldia oso tresna eraginkorra da horretarako.
Hamabigarren eguna nolakoa izatea gustatuko litzaizueke?
Aurreko hamaika egunetan entrenatzen eta jolasten egindakoa mantenduko dugun eguna. Azken batean, Euskaraldia rol-joko bat da, entrenamendu bat; hamaika egunetan Euskal Herri osoan milaka eta milaka herritarrek entitateen babesarekin elkarrekin egiten dugun ariketa bat. Babesgune erraldoi bat sortzen dugu. Eta txapa jartzen dugu, ez guretzako, parean daukagunarentzako baizik; jakin dezaten gurekin euskaraz lasai egin dezaketela. Hori dela eta, estres linguistikoa asko murrizten dugu hamaika egun horietan. Entrenatzen eta jolasten egiten ditugun urrats horiek hamabigarren egunetik aurrera mantentzea da asmoa. Elkarrekin egiten dugun entrenamendua izanik, gutako bakoitzak egiten duen urrats txiki-ertain-handi horiek mantentzearen alde egitea da gure mezua. Txapa erantzita ere, euskararen aldeko hizkuntza ohitura mantentzea.
Badira Euskaraldia iraunarazteko eskaerak; posible ikusten duzue?
Bai, batzorde batzuek aktibo jarraitzen dutelako, bestela ere. Helduleku bat izaten dute kideek, oraindik ere mugimenduan jarraitzeko. Mezu hori jasotzea oso pozgarria izan zen. Jarraituko dugu bi urtetik behin egiten, baina horrek ez du esan nahi bitartean egitasmo txikiagoak, tokian tokikoak, aktibatu ezin daitezkeenik. Guk horretarako espresuki sortu genuen, Taupatik, Haurren aurrean helduok heldu dinamika. Euskaraldiaren filosofiarekin, baina xede talde batean zentratuta: gurasoak eta haurren inguruan dabiltzan helduak. Oso erantzun positiboa jaso genuen herrietatik. Bestetik, Euskaraldiko batzorde batzuek datorren urteko Korrikari heltzen diote segituan. Beste batzuk, ostera, aktibatu eta desaktibatu egiten dira. Gure ametsa da batzordeak aktibo mantentzea.
Euskaraldia hasi da; ze ekarpen egingo dute partaideek?
Bakoitza oinarri ezberdinetik hasten gara, baina asko dugu emateko, bakoitzak ahal duen neurrian. Milaka izanda, euskararen erabileran urrats handia egin dezakegu elkarrekin. Ondo pasa, akatsak egin, hausnartu, baina, batez ere, parte hartu!