Lokatza Ziklismo Eskolaren 50. urteurrenaren barruan ekarriko dute datorren urteko Itzuliko azken etapa Debagoienera. Hala, azken 9 urteotan Itzulian Eibarrek izan duen protagonismoari erreleboa hartuko dio Bergarak, batzuetan Eibarko kaleetan bertan –aurten moduan–eta bestetan Arrateko santutegian egon delako azken hamarkadan helmuga. "Oraindik zenbait gauza zintzilik ditugu, gauzak diren moduan, eta lehenbailehen lotuta ixtea nahi ditugu, baina, bai konfirmatu dezaket Itzuliko azken etapa Antzuolan hasiko dutela eta Bergaran amaitu. Eta hor, joan den astean Goizper lantegiaren partetik jasotako babesletza garrantzitsua izan da, egitasmoari babes handia eskaini diotelako. Horrekin batera, esan, babes gehiagoren bila lanean jarraitzen dugula", adierazi du Unamunok.
Ion Unamuno: "Goizperrek babes handia eman dio antolatuko dugun etapari, baina kontu batzuk ixteko ditugu oraindik"
UCIk oraindik ez du zehaztu 2026ko txirrindularitza egutegia, baina Itzulia apirilaren 6an hastea da asmoa, eta Bergaran amaituko duten etapa zapatukoa izango litzateke, apirilaren 11koa. Hala, bi herri horiendako ez da berria izango Itzulia hartzea. 2004ko lehen etapa Bergaran hasi eta amaitu zuten, eta etapa hura Alejandro Valverdek irabazi zuen esprintean nagusituta –bigarren etapa ere Bergaran hasi zuten, eta Zallan amaitu–. Eta, Antzuolaren kasuan 1986ra egin behar da atzera, urte hartako edizioa hasi zuten-eta Antzuolan; herrian hasi eta amaitu zuten etapan Maurizio Rossik irabazi zuen ihes eginda.
Ibilbidearen nondik norakoak hasi dira zeresana ematen
Unamunok aitortu du oraindik ez dutela erabaki azken etapa horretako ibilbidea. "Eta kalean dagoeneko jendea hasi da berbetan, bakoitzak proposamen propioa daukalako. Guk bizpahiru ideia ditugu baina ez dugu erabakirik hartu. Eta ez dut kale baten izenik edo lekurik nabarmendu nahi, jendea gero horrekin geratuko delako. Baina bai esan dezaket Lokatzak antolatu izan dituen lasterketek erakutsi dutela herrian hainbat aukera ditugula, eta halako baten aldeko apustua egin genezakeela".
"Oraindik ez dugu ibilbidea erabaki, baina jendea hasi da proposamen propioak botatzen. Tira, saltsa hori ere polita da"
Hori esatea ez da asko esatea, baina horraino aurreratu nahi izan du, oraingoz, Unamunok. Esaterako, helmuga egon daiteke Labegaraietako zuzenean, San Antonioko aldapan, Gorlako gainean, Bolu auzoko maldetan, San Martzial gainean edo erdigunean... Horiek guztiek izan dutelako, edo gaur egun ere badutelako, herriko txirrindularitzarekin hartu-emana. Garbi dagoena da azken urteotan Itzuliko azken etapak ezaugarri menditsua izan duela, eta maillot horia jokoan egon denez etapa azkarra eta bizia izan dela. "140 kilometro inguruko etapak izan dira, eta ziklistek 3.500 metro inguruko desnibela igo izan dute, hori da gailendu den Itzuli amaiera. Hortik aurrera, bakoitzak atera ditzala kontuak".
Martxa zikloturista, apirilaren 12an
Bestalde, 2023az geroztik Itzuliak bere martxa zikloturista propia dauka, Itzulia Basque Challenge deritzona –World Tour mailako proba da–, eta Lokatzatik konfirmatu dute azken etapa antolatzerarekin batera zikloturistendako egingo duten martxa hori ere hartuko dutela. Hala, ziklismo zaleek Itzulia amaitu eta hurrengo egunean, apirilak 12, euren bizikletak hartu eta profesionalek bezperan egindako azken etapa hori egin ahal izango dute. Eta, horretarako Itzuliko antolaketa taldea bera ibiliko da UCI World Tour mailako martxa antolatzen –Martxa hori egiteko dortsalak jarriko dituzte salgai, aurrerago–.