Lasaitasun puntuak Mondrarendako; Aloñak miraria behar du

Xabier Urtzelai 2025ko mai. 11a, 13:27

Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan Mondrak lasaitasuna ematen duten puntuak batu zituen atzo, Tolosaren kontra irabazita (38). Aloña Mendik, berriz, 4-1 galdu zuen jaitsiera postuetan kontrario zuzena den Deustoren zelaian, eta miraria behar dute mailari eusteko. Goialdeko postuetan, Bergarak 1-1 egin zuen Zumaiakoren kontra.

Matematikoki mailari eusteko puntuen bila zelairatu ziren atzo Mondrako jokalariak Mojategira. Badira arrasatearrak baino dezente okerrago dauden taldeak, eta ikusteko dago bi jardunaldi hauetan zer nolako karanbolak ematen diren, baina zuri-moreek atzo euren eskuetan zegoen hori egin zuten, Tolosaren kontra partidua irabazi (2-1) eta azken bi jardunaldietarako lasaitasuna batu. Ez da segurua, baina karanbola handiak eman beharko ziren Mondrak maila galtzeko.

Aizpuruak eta Iker Perezek egin zituzten arrasatearren aldeko golak, partidu hasieran lehenengoa, eta 22. minutuan bigarrena. Eta gol aukera garbiagoak ere izan zituzten zuri-moreek. Tolosa 10 jokalarirekin geratu zenean arrasatearrek ez zuten partidua errematatzen asmatu, eta kanpotarrek 2-1ekoa egin zutenean etorri ziren larritasunak. Hala ere, Tolosa ez zen partidua berdintzeko gauza izan, eta etxean geratu ziren puntu baliotsuak.

Aloña Mendik aukera txikia du mailari eusteko

Zoritxarrez Aloña Mendiren egoera bestelakoa da. Urzelairen mutilek 29 puntu dituzte, eta Deusto zen jaitsiera postuetan dagoen beste taldeetako bat. Hala, atzo Deustokoen zelaian jasotako 4-1ekoak min egin die txantxikuei, eta azkenera arte amorerik emango ez badute ere, zenbakiak ez dituzte euren alde, inondik inora. Ikusteko dago zenbatek galduko duten kategoria, eta Hirugarren mailan Pasaiak egiten duenak ere eragina izango du, baina orain momentuan Hernani eta Elgoibar 5 puntura daude, eta sei puntu daude guztira jokoan –Hernanirekin golaverage-a oñatiarren aldekoa da, eta Elgoibarkoekin kontrakoa–.

Halaxe dago sailkapena, bi jardunaldiren faltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak