Goizper Group BKEk eta MUk galdu egin dute Euskal Ligara igotzeko trena

Xabier Urtzelai 2025ko mai. 11a, 10:41

Bailarako senior mailako bi taldek izan dute asteburuan Euskal Ligara igotzeko finalera sailkatzeko kanporaketa partidua, baina ez bergararrek eta ezta arrasatearrek ere ez dute halakorik lortu. Mahonerak izan dira etxean jokatu dutenak, eta 49-56 galdu dute Internacionalen kontra. Moreek, berriz, 62-31 galdu dute Goierrikoen kantxan.

Denboraldi oso ona egin dute Goizper Group BKEk eta MUk, baina tamalez ezin izan diote pastelari ginga jarri. Sari nagusia mailaz igotzea izango litzateke, baina horra iritsi barik, datorren asteko finala jokatzea ederra izango litzateke, eta helburu hori lortzeko asmoz kantxaratu ziren atzo bi taldeak –Bergarakoak etxean, Arrasatekoak Urretxun–, baina ez zuten halakorik lortu. Hala, Goierri Aldapa eta CD Internacionalek jokatuko dute Gipuzkoako final hori.

Giro ederra Labegaraietan

Bergararrek etxekoen babesa izan zuten atzo Labegaraietako harmailetan, eta saskibaloi arratsalde paregabeaz gozatu ahal izan zuten zaleek, nahiz eta esan moduan, emaitzak lagundu ez.

Alex Familiarrek neskek, nahiz eta markagailuak partidu osoan zehar kontrakoa erakutsi, inoiz ez zuten esperantza galdu, eta laugarren laurdeneko erreakzioak ondo estutu zituen kanpotarrak. Hala ere, lehen laurdenean Internacional ondo aurreratu zen (11-17) eta bigarrenean indarrak parean egon baziren ere (12-13), hirugarren laurden txarrak etxekoak gogor zigortu zituen (6-13). Egoera horri buelta ematea ez zen batere erraza, atzetik aurrera egin behar zuten, eta hain zuzen hori nabarmendu zuen Juaristi kapitainak partidu amaieran. "Eurak hobeak izan dira, baina amaierara arte lehiatu gara, ez dugu amore eman eta partidua irabazteko kapaz ginela sinistu dugu". Eta zuzen zebilen, partidua amaitzeko minutu baten faltan markagailuak 49-51 erakusten zuelako. Minutu horretan detaile txikiak izan ziren erabakigarriak, aldea txikitzeko egindako esfortzua ere presente izan zen, eta larritu baziren ere, kanpotarrek ez zuten iraultzarik onartu (49-56).

Esan moduan, Mondragon Unibertsitateko neskek Urretxun jokatu zuten beste finalerdia, eta Goierri Aldapakoak izan ziren hobeak. MUkoek txarto hasi zuten partidua (22-4), eta ondorengo bi laurdenetan indarrak parean egon baziren ere, azken laurdenean behera etorri ziren ostera moreak (21-8). Hala, 61-31 irabazita, urretxuarrak izango dira finalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak