Debagoienean ere Haron izandako erailketa matxista salatu dute

Gontzal Belategi Zubia 2025ko mai. 10a, 09:18

Miriamen erailketa salatzeko elkarretaratzea, Oñatin.

Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzeak egin zituzten atzo, egubakoitza, Oñatin; Bergaran; Arrasaten eta Aretxabaletan. 

Apirilaren 25ean, Miriam, 36 urteko emakume brasildarra, labanaz zaurituta erail zuen berarekin bizi zen gizonak, Haron (Espainia). Gasteizeko Udalak astean jakinarazi du emakumea bertako bizilaguna zela, eta mugimendu feministak elkarretaratzeak egin ditu Euskal Herri osoan, baita Debagoienean ere.

Oñatiko Mugimendu Feministak adierazi duenez, Miriamen erailketa ez da kasu isolatu bat izan: "Beste behin esan behar dugu ez dala kasu isolatu bat, sistema heteropatriarkal honen ondorio larrienetako bat da". Bide horretan, gogorarazi dute 2003. urtetik aurrera 128 erailketa matxista izan direla Euskal Herrian.

Autodefentsa feministaren aldeko apustua egin eta jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak ere aldarrikatu dituzte: "Erantzun kolektiboen bitartez eta autodefentsa feministaz sistema honek jartzen dizkigun zailtasun, mugak etab. arrakalatzen jarraituko dugula berresten dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela eskatzen dugu."

Gorpua jaioterrira itzultzeko kanpaina

Miriamen familiak gorpua Brasilera itzultzeko diru-bilketa kanpaina abiatu du sare sozialetan. Oñatiko Mugimendu Feministak bat egin du deialdiarekin, baina salatu du instituzioak egin beharko zirela prozesu honen kargu: "Dei egiten dugu Miriamen gorpua Brasilera bueltatzeko familiak sare sozialetan martxan ipini duen diru-bilketan parte hartzeko, argi dugun arren instituzioek bere gain hartu beharko luketen prozesua dela hau".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak