Euskaraldia 2025

Gaztetxoak xaxatzaile izatera gonbidatu ditu Euskaraldiak

Uxue Arakama Egaña 2025ko mai. 13a, 15:00

Eskoriatzako Luis Ezeiza ikastetxean ikasleendako egindako 'Irribizi' txapak.

16 urte behar dira Euskaraldian parte hartzeko, eta 3-16 urte artekoak xaxatzaile izatera deituta daude.

Euskaraldian parte hartzeko, euskara ulertzea eta 16 urte baino gehiago izatea ezinbestekoa da. Gazteagoendako, berriz, xaxatzaile figura sortu du aurten Euskaraldiak.

Xaxatzaileen zeregina etxean euskararen erabileraren aldeko jarrera bultzatzea da, helduen hizkuntza ohituretan eragitea eta haien euskararen erabilera sustatzea. Lan horretan trebatzeko, adinka bereizitako material didaktikoa prestatu dute, elkarlanean, Ikastolen Elkarteak eta Euskaraldiko lantaldeak. Hiru ataletan antolatuta dago: 3-9 urte bitarteko gaztetxoendako Altxa! proposamena, 9-12 urte artekoendako Dantza! proposamena eta 12-16 urte artekoendako Jalgi! Ikastetxe guztien eskura dago materiala, Euskaraldiaren webgunean.

'Xaxatzaile' txapak aurten

Material didaktikoa pentsatuta dago hizkuntza aniztasunaz zein euskararen erabileraz hausnartzeko. Ikastetxeak apaintzeko eta girotzeko euskarriak, etxean Euskaraldiaren berri emateko eta familiako helduak ariketa sozialean parte hartzera animatzeko gakoak ere ematen dira.

Euskaraldia martxan egongo den hamaika egunetan gaztetxoen zeregina izango da inguruko helduen euskara erabilera aztertzea eta hori areagotzeko jarduerak egitea. Euskaraldiaren ostean, berriz, egindakoaz hausnartuko dute. Horrela hartuko dute parte Euskaraldi honetan etorkizuneko ahobizi-ek eta belarriprest-ek.

Hain zuzen ere, jakinekoa da xaxatzaile edo irribizi txapak egingo dituztela, besteak beste, Oñatiko hiru ikastetxeetan zein Eskoriatzako Luis Ezeizan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak