46 urteko gizonezko batek 36 urteko emakumezko bat hil zuen apirilaren 25ean, labankadaz, Haron (Espainia), eta, Gasteizko Udalak atzo ohar baten bidez adierazi zuenez, gasteiztarra zen emakumezkoa. Hala, Emakumeen Mundu Martxak hilketa gaitzesteaz gain, elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko hainbat hiri eta herrietan; tartean, baita Debagoienean ere.
Hain zuzen ere, azken hilketa hau kontuan hartuta, aurten hiru emakume hil dituzte gizonek Euskal Herrian: 63 urteko gizonezko batek 84 urteko ama hil zuen urtarrilaren 3an, Barakaldoko etxebizitza batean (Bizkaia); otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen bere amari eraso egitea leporatuta –ondoren, emakumea ospitalean hil zen–, Irunen (Gipuzkoa).