Langabeziak gora egin du bailarako ia herri guztietan, Elgetan izan ezik, martxoan baino bi pertsona gutxiago baitzeuden lanik gabe apirilean; guztira, 22. Gorakadari dagokionez, Bergaran izan da nabarmenena: martxoan baino hogei langabe gehiago erregistratu dira apirilean, eta 536 dira guztira. Ondoren, Oñatin izan da igoera handiena: 295etik 305era, hamar gehiagorekin. Hurrenez hurren, hau da gainontzeko herrietako egoera: Eskoriatzan, 165 langabe, aurreko hilabetean baino zazpi gehiago; Arrasaten, 1.102, bost gehiagorekin; eta Antzuolan, azkenik, hiru gehiago –hain justu, 50 guztira–.
Aretxabaletan berdin mantendu da kopurua –zehazki, 202 langabe–, eta Aramaion eta Leintz Gatzagan ez da jakinekoa zein den egoera, bost langabe baino gutxiago direnean ez baitu datu zehatza ematen Gipuzkoako Lan Behategiak.
Debagoieneko datu orokorrari dagokionez, 2.382 pertsona daude lanik gabe, aurreko hilabetean baino 43 gehiago, eta %7,8koa da langabezia-tasa. Halere, igoera izan arren, aurreko hilabeteekin alderatuz gero, ez da aldaketa handirik. Dena den, urteko aldi berean erregistratutako iazko datua hobeagoa da: %7,43koa zen duela urtebete langabezia-tasa, 2.268 langaberekin.