Jaiotza kopurua %4,1 jaitsi zen iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, emandako datuen arabera. Haren hitzetan, behin-behineko datuak gogoan, 12.904 haur jaio ziren bizirik 2024an, eta 12.355 izan ziren aurreko aldi berean: alegia, 2023an baino 549 ume gutxiago jaio ziren iaz. Hiru lurraldeetan erregistratu dute, gainera, jaitsiera: Araban, %5,5ekoa izan da; Bizkaian, %4,2koa; eta Gipuzkoan, %3,2koa.
2024ko laugarren hiruhilekoen estatistiken txostenaren berri ematean jakinarazi ditu datu horiek Eustatek, eta, hiruhileko horri dagokionez, adierazi du 3.232 haur jaio zirela, aurreko aldian baino %7,4 gutxiago.
Adina eta nazionalitatea
Eustaten arabera, ama izan diren herritarren adinaren bataz bestekoa 33,4 urtekoa da, eta horri nazionalitatearen aldagaia gehituz gero, ezberdintasunak daude: ama izan diren eta nazionalitate espainiarra dutenen kasuan, 34,5ekoa da bataz besteko adina; bestelako nazionalitateren bat duten herritarrenean, berriz, 30,7koa.
Horrez gain, datuak aztertuta, ondorioztatu du ezkontzaz kanpoko jaiotzak %50,3 izan zirela, eta jaiotako umeen erdia baino gehiago –zehazki, %50,7– lehen seme-alaba izan zela.