Puntu beharren derbia izan da Mojategiko, gehiago Aloñarendako (orain 17. lekuan 25 punturekin) Mondrarendako baino (14. sailkapenean, 31 punturekin). Eta nabaritu egin da zelaian. Lehen zatia oso parekatua izan da, baina Mondrak izan ditu aukera garbiena, zutoinean jo duen jaurtiketa batekin.
Bigarrenean etxeko taldeak eman du lehen danbatekoa, oñatiarrek atzeko lerroan izan duten desadostasun bat aprobetxatuz. Abantailarekin hobeto jokatu dute arrasatearrek, eta bigarren ere sartu dute, eta zelaian erakutsitakogatik, lehia ia erabakita zegoela zirudien. Oihan eta Adiran izan dira etxekoen golegileak.
Bi gol, hamar minututan
Baina, oñatiarrek ez dute amore eman, eta kemen handiarekin gai izan dira lehia berdintzeko. 80. minutuan sartu du, buruz, lehen gola Aloñak, Oier Regueiroren bitartez. Hortik aurrera, buruaren baino gehiago bihotzarekin, aurrera egin du Aloñak, baloi luzeak erabiliz. Horietako batean, Aloñaren aurrelaria erori egin da area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du, oñatiarren alde. Gainera, falta egin duen Mondrako jokalariari txartel gorria erakutsi dio. Harmailetan zeuden Arrasateko zaleek asko protestatu dute epailearen erabakia. Tiagok ez du hutsik egin eta binako berdinketa ezarri du markagailuan, 85. minutuan.
Azken minutuetan eta luzapenean asko estutu du Aloñak, eta beste horrenbeste sufritu du Mondrak. Baina, ez da gol gehiago egon.
Sentsazio ezberdinekin
Puntu berdinketaren aurrean, bereziki nola eman den kontuan hartuta, sentsazio ezberdinak izan dituzte bi taldeetako jokalariek. "Bi goleko abantailaren erlaxatu egin gara. Deskonexio une bat izan dugu eta partida berdindu digute. Oso gogorra izan da, baina jarraitu egin behar dugu. Elkarren segidako bi porrotetatik gatoz, eta gure zaleen aurrean irabazi nahi genuen, baina ezin izan da. Larunbatean, beste aukera bat dugu Lesakan", esan dio GOIENAri Mondrako jokalari Iker Pavonek.
Oier Regueirok oñatiarren lehen gola sartu du, eta puntuarekin pozik zegoen. "Beste emaitzak ikusita, ez digu askorako balio, kontrako markagailuarekin erreakzionatzeko gai izan gara. Lau partidu geratzen dira eta hamabi puntuak lortu behar ditugu, Ohorezko Erregionalean geratzen saiatzeko", adierazi du.
31. jardunaldia
Ohorezko Erregionaleko 31. jardunaldia jokatuko dute asteburuan. Aloña Mendik Hernaniren bisita jasoko du Azkoagainean, hil ala biziko partiduan. Domekan izango da, 16:30ean.
Bestalde, Mondra Lesakara joango da, Beti Gazteren kontra jokatzera, zapatuan, 16:00etan.
Azkenik, Bergarak Urolaren kontrako jokatuko du, domekan, 16:00etan. Mahoneroek etxean galdu dute oraingo honetan, Vasconiaren kontra, 0-1.