Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan bost jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko, eta, azken txanpan, ezinbesteko garaipenak behar dituzte bailarako taldeek mailari eusteko; batez ere, Mondrak eta Aloña Mendik. Hain zuzen ere, derbia jokatuko dute Mondrak eta Aloñak eguen honetan.
Derbi garrantzitsua
Mondrak aurkari gogorrak izan ditu azken jardunaldietan, eta, segidan izandako bi porroten ostean, etxean izango dute garaipena eskuratzeko aukera Jorge Davila entrenatzailearen mutilek. Oñatiarrak ere ez daude euren onenean, eta sailkapeneko azken postuetatik gorako bidea hartzeko hiru puntuen bila indar betean irtengo dira Gotzon Urzelai entrenatzailearen mutilak, bihar, eguena, 16:30ean, Mojategiko berdegunera.
Jardunaldi erabakigarriak
Ez daude boladarik onenean Mondra eta Aloña Mendi, eta datozen partiduak erabakigarriak izango dira mailari eusteko. Izan ere, ligan azken aurreko postuan dago Aloña Mendi, 25 punturekin, zuloan sartuta; haiengandik sei puntura dago, berriz, Mondra, sailkapenean hamahirugarren postuan, 31 punturekin.
Domekan ere partidua
Aste berezia izango dute Ohorezko Erregional Mailako taldeentzat; izan ere, aste honetan bi jardunaldi jokatuko dituzte. Mondraren eta Aloña Mendiren kasuan, biharko partiduaren ostean, domekan beste jardunaldi bat jokatuko dute: Mondrak, domekan, Beti Gazteren aurka jokatuko du, etxetik kanpora; Aloña Mendik, berriz, Azkoagainen jokatuko du, Hernani taldearen aurka.
Bergara, fin-fin
Maila berean, Bergara denboraldi borobila egiten ari da, eta haiek ere bi partidu izango dituzte egunotan: batetik, Vaskoniaren aurkako partidua izango du, Agorrosinen, bihar, 17:00etan; eta domekan, Urolaren aurka jokatuko du, Donostian. Sailkapenean bosgarren postuan daude, eta, mailari eusteaz batera, gorengo postuetan sailkatzeko borrokatuko dira.