Musakolan gelditu dira hiru puntuak, Mondrateren eta Eskoriatzaren arteko derbian

Julen Murua Mesonero 2025ko api. 26a, 19:28

Eros eta Hugo Chinarro Eskoriatzari sartutako gol bat ospatzen.

6-3 irabazi dio Mondratek Eskoriatzari Musakolan jokatutako derbian. Garaipen honekin bigarren postuari eusten jarraitzen diote arrasatearrek; Eskoriatzakoek, berriz, sailkapeneko aurrealdeko postuetara hurbiltzeko aukera borobila galdu dute.

Antiguoko taldea alde batera utzita, ligako talde gogorrena izaten jarraitzen du Mondratek, eta Eskoriatzaren aurkako derbian argi eta garbi erakutsi dute Aitor Cortizasen mutilek gainontzeko taldeak baino koska bat gorago daudela. Partidua hasi eta berehala aurreratu da markagailuan Mondrate Hugo Chinarroren golari esker, eta hamar minutu geroago, bata bestearen atzetik iritsi dira arrasatearren hurrengo hiru golak: 12. minutuan bigarrena sartu du Julen Estrellak; minutu bat geroago hiru eta hutsekoa egin du Eros Chinarrok; eta 17. minutuan Mikel Elizaranek egin du laugarrena. Hori gutxi balitz, atsedenaldira iritsi aurretik Mondrateren bosgarrena sartu du Hugo Chinarrok.

Atsedenaldiaren ostean, suspertu egin da Eskoriatza, eta bost minutuan sartutako hiru golek –Oier Gastañaga, Ander Martinez eta Iker Seijo izan dira goleatzaileak– partiduan sartu dute, berriro ere, Eskoriatza. Hala ere, Iker Uribesalgok 39. minutuan sartutako golak erabakita utzi du partidua (6-3).

Datorren jardunaldian Eskoriatzak Gora Viuda de Sainz taldearen bisita jasoko du Manuel Muñoz kiroldegian; Mondratek berriz Jarrilleros taldearen kantxan jokatuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak