Bere etxeari eraso egin diotela salatu du Aritz Otxandianok, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak eta Debagoiena 2030 ekimeneko kideak, Bluesky sare sozialean duen kontuan. Haren esanetan, bi bengala jaurti zituzten euren etxearen aurka Otxandion (Bizkaia), martitzenetik eguaztenera bitartean, 01:00ak aldera. "Testiguen arabera, zazpi-hamar lagun izan ziren, eta bi kotxe ezberdinetan ihes egin zuten. Ez da ezer larririk gertatu, baina gerta zitekeen".
Bart gauen gure etxearen aurka 2 bengala jaurti dituzte. Testiguen arabera 7-10 lagun izan ziren, eta 2 kotxe ezberdinetan ihes egin zuten. Ez da ezer larririk gertatu, baina gerta zitekeen.
— Aritz Otxandiano (@aritzotxandiano.bsky.social) 2025(e)ko apirilaren 23(a) (20:21)
Pello Otxandianoren, 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EH Bilduren lehendakarigaiaren anaia da Otxandiano, eta energia berriztagarrien eztabaidan murgilduta egon da azken urteotan. Adierazi duenez, aurrez ere beste bizipen batzuk izan ditu gai horren harira, oraingoa ezberdina izan dela uste duen arren: "Lehenago ere mehatxuak eta pintadak jasan izan ditut, baina nire familiaren aurka modu honetara eraso egiteak muga guztiak gainditzen dituela iruditzen zait". Haren hitzetan, "ez daki" zein izan den "erasoa egiteko arrazoia", eta ezta nor izan den ere, "kasualitatea" iruditzen ez zaion arren. Dena den, azpimarratu du "gai honen inguruan duen posizioari konbikzio osoz" eusten diola: "Trumpen kapitalismo fosilaren aurrean, eskala guztietako berriztagarrien hedapen justu eta ordenatua oinarri duen eraldaketa ekosoziala da alternatiba".
Erreakzioak
Mezuak hainbat erreakzio izan ditu sare sozialetan, eta horietako bat izan da Mikel Oterorena, EH Bilduko Trantsizio Ekologikoko idazkaria eta Espainiako Kongresuko diputatua: "Nor eta zergatik izan den jakin gabe –azken finean, gutxi inporta du– onartezina dena onartezina da. Besarkadarik beroena, Aritz". Horrez gain, beste hainbat kidek ere babesa eman diote; esate baterako, bailarako EH Bilduko ordezkari batzuek.
- - - -
Aritz Otxandiano Kanpok Orixoletik Debagoienara so bloga du goiena.eus atarian. Hemen duzue irakurgai.