Iruñea, Bilbo eta Gernika dira Aberri Egunaren ardatz nagusiak

Sara Lanz 2025ko api. 20a, 08:00

EH Bilduk, EAJk eta Jardun Koordinadorak gaur, apirilaren 20an, ospatzen den Aberri Eguneko ekitaldi politikoak iragarri dituzte Iruñean, Bilbon eta Gernikan, hurrenez hurren. Aldi berean, Euskal Herria Batera plataformak ospakizun bateraturako deia egin du.

Urtero bezala, Aberri Eguna Aste Santuko igandean ospatzen da, eta aurten apirilaren 20an egokitu da. Euskal Herriko hainbat herritan egingo diren ekitaldi politiko eta sozialek aukera emango dute abertzaletasuna aldarrikatzeko, herri gisa nortasuna berresteko eta etorkizun politikoaren inguruan gogoeta kolektiboa egiteko.

Iruñean manifestazioa, askatasunaren alde

EH Bilduk Iruñean egingo du aurten bere ekitaldi nagusia, Askatasunaren nazioa gara lelopean. Manifestazioa koloretsua izango dela iragarri du Arnaldo Otegik, eta helburua izango da euskal herritarren harrotasuna erakustea eta eredu autoritarioei aurre egiteko alternatiba sozial eta politiko bat eskaintzea.

Bilbon, nazio nortasunaren ikuspegi global eta moderno bat

EAJk Bilboko Plaza Berrian egingo du bere ohiko ekitaldi instituzionala, Euskadi gara, mundialak gara! lelopean. Aitor Esteban EBBko presidente berri bezala eta Imanol Pradales lehendakari gisa lehen aldiz ekitaldian parte hartuko dute. Alderdiak euskal nazio-identitatea globaltasunaren eta etorkizunaren ikuspegitik ulertzeko beharra azpimarratuko du, eta egungo testuinguru politiko eta sozialaren aurrean, euskal nortasuna munduari irekitzeko gonbita egingo du.

Gernikan, borroka politiko eta sozialaren mezua

Jardun Koordinadorak Gernikako ospakizuna antolatu du Euskal Herri langilea batu! lemapean. Hori horrela, manifestazioa Merkurio plazatik eguerdian abiatuko da, eta Pasealekuko plazan amaituko da ekitaldi politiko batekin. Izan ere, koordinadorak azaldu du independentzia eta sozialismoaren bidean, langileen antolakuntza halabeharrezko baldintza dela, eta Aberri Eguna "Euskal Herriko langileen elkargune izateko tresna" dela. 

Ospakizun bateratua eta nazio batasunaren alde

Euskal Herria Batera plataformak ospakizun bateratuaren aldeko mezua zabaldu du. Ekimenak, Bilboko Campos Eliseos antzokian egindako ekitaldian, EH Bildu eta EAJ alderdiek, baita sindikatuek ere, Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko asmoa adierazi zuten. Ekimenaren helburua da Euskal Herria nazio gisa aldarrikatzea eta munduaren aurrean horrela azaltzea, eta batera jarduteko baldintzak sortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak