Bertan behera utzi dute greba deialdia Avanzako langileek

Mirari Altube Arrese 2025ko api. 16a, 11:26

Beste sei egunetan lanuzteak egiteko asmoa zuten Gipuzkoa Avanza Movilidad SAko langileek apirilaren 17an hasita. ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek egin zuten dei hori eta lan baldintzak eta lan hitzarmena salatzea zuten helburu. Gaur, lanuztearen bezperan, erabaki dute bertan behera uztea, ELAkoen esanetan "enpresaren mehatxuen ostean".

Apirilaren 17an, 02:00etan, hastekoak ziren grebarekin eta EAEko hiru hiriburuetara eta Loiuko aireportura joan-etorriak egiten dituzten autobus zerbitzuetan eta Debagoienekoetan izango zukeen eragina. ELAk adierazi du enpresak legez kanpoko grebatzat hartzeko mehatxua egin diela: "Greba behar besteko aurrerapenarekin ezagutu ez izana alegatu du Avanzak, baina ELAk gezurtatu egiten du hori, inpugnazio horren atzean langileak beldurtzeko eta grebari boikota egiteko asmoa baino ez dagoelako". Gaineratu dute langileen asmoen berri bazutela, horregatik hain zuzen ere, enpresak berak eman ziela greba egunen gaineko argibideak erabiltzaileei webgunearen bidez.

"Grebaren legezkotasuna" defendatu arren LAB eta Aurrera sindikatuek bertan behera uztea erabaki dutenez ELAk ere beste horrenbeste egin du, " langileen artean zatiketarik eta nahasmendurik ez sortzeko".

ELA "kezkatuta" agertu da enpresaren jarrerarekin, eta ohartarazi du gatazka ez dela amaitu, eta deialdi berriak egingo direla: "Are gehiago, greba mugagabearen aldekoa izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak