Laboral Kutxak Ohiko Batzar Nagusia egin du Donostian

Txomin Madina Milikua 2025ko api. 12a, 21:32

Bazkideek aho batez onartu dituzte 2024ko gestioa eta kontuak. Aurrera begira jarrita, kreditu-kooperatibaren buruek esan dute proiekzioen arabera, 2025ean %5etik gorako igoera izango dute zerga ondorengo irabazietan.

Ohiko Batzar Nagusia egin du gaur Laboral Kutxak Donostiako Kursaalen, eta 2024ko ekitaldian egindako gestioa aho batez onartu duten berta bildu diren bazkideek, eta gauza bera egin dute planteatu diren gainerako puntuen aurrean ere. Laboral Kutxak 274,5 milioi euroko zerga irabazi garbi bateratua lortu zuen iaz eta pozik agertu da horrekin kreditu-kooperatibaren presidente Adolfo Plaza.

Laboral Kutxako zuzendari nagusi Xabier Egibarrek, bestalde,  2024ko ekitaldiko txostenean jasotako elementurik esanguratsuenak aipatu ditu, eta esan du Laboral Kutxaren ratio eta adierazle nagusiek "hobekuntza nabarmenak" izan dituztela eta etorkizunari aurre egiteko "lehia-posizio bikaina" islatzen dutela.

2025eko Gestio Planaren gakoak

Egibarrek egungo Gestio Plana egituratzen duten jardunbideak ere azaldu ditu, esanaz kreditu-kooperatibak agenda bikoitzari eutsiko diola ziklo estrategiko berrian. Eman dituen azalpenen arabera, alde batetik, "lehentasunezko merkatu, negozio eta segmentuen hazkundera bideratuta" dagoen lehia-agenda zorrotza hedatzen jarraituko du Laboral Kutxak. Aldi berean, eraldatzeko agenda garatzen ere jarraituko du entitateak. "Inbertsioak handitzea ekarriko du horrek, gaitasun teknologikoetan eta datuen arloan beste jauzi bat egiteko", esan du Egibarrek.

Xabier Egibar, gaur Ohiko Batzar Nagusian egin duen hitzartzean.

Zuzendari nagusiak, gainera, Estatu Batuetako administrazio berriak hasitako muga-zergen gerraren ondoren sortutako egoerari buruz ere egin du berba: "Erakundea prest dago aurreikusteko zailak diren eta etengabe ebaluatuko ditugun balizko ondorioei aurre egiteko".

2025erako estimazio kuantitatiboei dagokienez, "positiboak" direla iragarri du Egibarrek eta aseguru-negozioaren eta inbertsio-zerbitzuen ekarpen handiagoari esker, proiekzioek %5etik gorako igoera islatzen dutela zerga ondorengo irabazietan.

Komunitate "oparoagoak eta berdinzaleagoak" helburu

Ohiko Batzar Nagusia amaitzeko, Adolfo Plazak adierazi du "erabateko konfiantza" duela entitatea osatzen duten pertsona guztiengan eta gogora ekarri du Laboral Kutxaren helburua komunitate "oparoagoak, berdinzaleagoak eta jasangarriagoak" lortzea dela. Horretarako, entitateak "lehiakorra" izan behar duela ere azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak