Apirilaren 20an izango da aurtengo Aberri Eguna eta euskal alderdi politikoek bakoitzak bere aldetik egingo dituzte egun horren bueltako ospakizunak. Gaur iluntzean, baina, ehunka lagun batu ditu Donostiako Kursaalen Euskal Herri Baterak antolatuta egin duten Aberri Eguneko ekitaldi bateratuak. Han izan dira, besteak beste, EAJ eta EH bildu alderdietako kideak, baita euskal instituzio publiko, unibertsitate eta bestelako hainbat erakundetako ordezkariak ere. Horietako hainbatek hartu dute parte ekitaldi kulturala hasi aurretik egin duten sokadantzan.
Izan ere, Manex Fuchsek, Lorea Agirrek eta Martxel Rodriguezek sortu duten Bagara nor, Badugu zer egin izeneko pieza kulturalak hartu du ekitaldiaren zatitik mardulena eta bertan parte hartu du, besteak beste, Eñaut Zubizarreta musikari eskoriatzarrak.
Ikuskizun kulturalaren aurretik, baina, adierazpenak egin dituzte herri ekimeneko kideek eta ekitaldiari babesa eman dioten Olaso Dorrea eta Sabino Arana fundazioetako eta Agirre Lehendakaria Centerreko ordezkariek.
Hala, Euskal Herria Baterako kide Xabier Euzkitzek azaldu du duela bost urte martxan jarri zirenetik Aberri Egunaren ospakizuna jendarteratzea bilatu dutela: "Guretzat, ezinbestekoa baita euskal komunitatearen parte izatearen sentimendua errotzea eta adieraztea; Aberri Egunaren bidez eta batera arituz, munduaren aurrean nazio bat garela aldarrikatzea". Euzkitze moduan herri ekimeneko kide den Mireia Epeldek era hartu du hitza. "Ezinbestekoa da guztion artean, baina batez ere ardura zuzena dutenen eskutik, Aberri Egunari behar bezalako instituzionalizazio maila ematea, batera ospatzea amets izatetik, errealitate izatera pasa dadila lortzeko", adierazi du Epeldek.