Klubarekiko izan duten "konpromiso eta fideltasunagatik" banatzen ditu Realak urrezko eta brillantezko intsigniak, klubaren bereizgarririk handiena. "Nahiz eta merezi izan, gure kirolari ospetsuenetako batzuekin zorra daukagu. Realean arrastoa utzi zuten futbolari batzuen ibilbidea aho batez aitortzeko aukera izango dugu", esan du Realak prentsa ohar bidez.
Hala, maiatzaren 4an, Realak eta Athleticek Reale Arenan jokatuko duten derbiaren atarian lau jokalari omenduko dituzte. Alberto Lopez (377 partidu), Aitor Lopez Rekarte (338), Agustin Arantzabal (353) eta Oscar de Paula (302). "Alberto, atezainik egonkorrena Arconadaren ondoren eta titular hamarkada oso batean Realaren atean; Aranzabal, jokalari bikain eta fina, ezker hegalean; Rekarte, kalitatea bi hegaletatik, bi hankak inork ez bezala erabiliz; eta De Paula, golegile isila, beti leku eta une egokian zegoena. Lau jokalari handi", azaldu du Realak, oharrean.
Kovacevic eta Toshack, hurrengo denboraldian
2026an beteko dira 40 urte John Benjamin Toshack Realaren aulkira heldu zela lehen aldiz. Urteurren hori erabili gura du Realak entrenatzaile galestarrari urrezko eta brillantezko intsignia emateko. lehen aldiz heldu zela 40 urte betetzen direnean. "Realaren historian partidu gehien zuzendu dituen bigarren entrenatzailea da (386), Ormaetxearen atzetik. Bere palmaresean dago 1987an, Zaragozan, irabazitako Kopa Txapelketa".
Darko Kovacevicek 286 partidu jokatu zituen Realaren elastikoarekin. Hurrengo urtean 30 urte beteko dira serbiarra Donostiara heldu zenetik. Klubaren zazpigarren golegile nagusia da, 107 golekin. "Agendak bat egin bezain laster, datorren denboraldian, Darko Donostiara etorriko da zale gipuzkoarren maitasun guztia jasotzera", azpimarratu du Realak.