Avanzako langileek beste sei greba egun iragarri dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko api. 8a, 15:22

Avanzako langileen mobilizazio bat, artxiboko irudi batean.

Hilaren 16tik 22ra bitartean egingo dituzte mobilizazioak, ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek deituta, eta ohartarazi dute, "arazoari irtenbidea eman ezean", udan greba mugagabea hasteko aukera dagoela.

Hemezortzi greba egun egin dituzte gaur artean Gipuzkoa Avanza Movilidad SA enpresako langileek, lan hitzarmenaren negoziazioa abiapuntutzat izanik, baina jakinarazi dute "enpresak ez duela inolako borondaterik lanaldiaren arloan akordioak lortzeko", eta "gehiegizko lanaldiak eta aparteko orduen kontrolik eza" salatzeko asmoz, beste sei greba izango dituztela apirilaren 16tik 22ra bitartean.

Enpresa batzordeak adierazi duenez, berriki salatu dituzte lan ikuskaritzan gidarien gehiegizko lanaldiak. Haren hitzetan, hitzarmenean 1.650 gidatze-ordu dituzte zehaztuta beharginek, baina beste berrehun baino gehiago gehitu behar zaizkie horiei, gidatzearekin lotuta ez dauden eginbeharretarako; besteak beste, gasolina botatzea, aparkatzea eta autobusak beharrezko baldintzak betetzen dituela ziurtatzea. "Horrela, urtean, guztira, 1.870 lanordu batu ditzakete zenbait kasutan. Ikuskaritzak lanaldiari buruz negoziatzeko eskatu die aldeei, baina, egun, hemezortzi eguneko grebaren ondoren, enpresak urtean hamar orduko murrizketa besterik ez du eskaini, eta, batzordearen arabera, proposamen hori guztiz onartezina da".

Emakida beste bost urtez

Batzordearen hitzetan, Avanzari beste bost urtez luzatu diote autobus zerbitzuaren emakida, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera, horrenbestez, "onartezintzat" jo dute langileek: "Erabaki horrekin enpresa ari da saritzen, eta lanaldiaren erregulazioaren arloko gutxienekoak urratzen jarraitzeko aukera ematen dio". Gainera, azpimarratu du Avanza zerbitzua kudeatzen hasi zenetik "okerrera egin duela une oro flotak, eta lan-baldintzak behar baino gutxiago hobetzen ari direla, betiere grebek bultzatuta".

Horrez gain, langileek garraio publikoaren prezioaren murrizketa txalotu dute, eta, era berean, herritar guztiendako doakoa eta kalitatezkoa izango den garraioaren aldeko apustua egin. Hala ere, erantsi dute hori ezin dela "plantillaren lan-baldintzen eta flotaren narriaduraren kontura izan". Hala, Foru Aldundiari eskatu diote datozen sei eguneko greben ondoren gatazkari "irtenbidea" emateko. "Adierazitako arazoei irtenbidea emateko gai ez badira, udan greba mugagabea hasteko aukera dago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak