Hamar zentimoko igoera, Mugi txartelik gabe; zentimo batekoa, txartelarekin

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko api. 8a, 14:44

Mugi txartela. Irudia: Mugi.

Mugi sistemak tarifak eguneratu dituela jakinarazi du Gipuzkoako Garraiobidearen Lurralde Agintaritzak, iazko abenduaren 26an eginiko batzar orokorrean erabaki bezala. Erabileraren araberako beherapenak mantendu ditu, eta baita bestelako deskontuak ere.

Mugi txartelik gabeko bidaiek, zonalde beraren barruan, hamar zentimoko igoera izango dute –hain zuzen, 1,85€tik 1,95€ra artekoa– aurrerantzean, atzo ezarri baitziren tarifa berriak, eta zentimo bakar batekoa, berriz, txartelarekin –zehazki, 0,48€tik 0,49€ra– eginikoek. Horrenbestez, Debagoienari dagokionez, bailara barruan eginiko mugimenduek prezio hori dute dagoeneko; bailaratik ateraz gero, ordea, garestiagoa da.

Horrez gain, Gipuzkoako Garraiobidearen Lurralde Agintaritzak jakinarazi du erabileraren araberako deskontuak izango direla, lehen zeudenak mantendua: "Garraio publikoa zenbat eta gehiago erabili, beherapena orduan eta handiagoa izango da. Lehen hogei bidaietan %75eko beherapena aplikatzen da, 21.bidaiatik 50.era artekoetan %79koa, eta, azkenik, 51.etik aurrera, %95ekoa –gazteendako eta familia ugariendako, doakoa–, betiere txartelik gabeko bidaia puntualaren tarifarekin alderatuz gero".

Bestelako deskontuak

Garraio publikoa zenbat eta gehiago erabili, orduan eta handiagoa izango da beherapena, baina badira hartutako bestelako erabakiak ere: alde batetik, garraiobide ezberdinen artean transbordoa eginez gero, garestiena den bidaiaren prezioa ordainduko da soilik; bestetik, gazteek, adineko pertsonek, errenta baxuak dituztenek, familia ugariek eta bestelako kolektibo "zaurgarriek" hobariak izango dituzte garraiobideetan; eta azkenik, 12 urtetik beherakoek doan bidaiatzeko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak