Arrasatearrak garaile, azken bost segundotan erabaki den derbian

Goiatz Arana Begiristain 2025ko api. 5a, 20:06

22-23 emaitzarekin amaitu da Soraluce-BKE eta Mugarri Ingou taldeen arteko partidua. Markagailuan elkarrengandik oso hurbil ibili dira –bi-hiru goleko aldearekin, uneoro– eta berdinketarekin heldu dira atsedenera (11-11). Arrasatearrek taldeak erakutsitako jarrera azpimarratu dute; bergararrek, berriz, ahul ibili direla.

Partidu intentsua izan da gaurkoa. Denboraldiko azkena izanik eta, gainera, derbia, ohi baino tentsio handiagoarekin, urduritasunez eta irabazteko gogoz kantxaratu dira bi taldeak.

Gogorra izan dela kontatu du Mugarri Ingou taldeko kapitain Eki Letonak, baina taldeak erakutsitako jarrera azpimarratu du: "Hasieran apur bat lokartuta atera gara, baina aktibatu eta eman diogu buelta. Azpimarratuko nuke bai gaur eta bai azken jardunaldietan izandako jarrera. Jarrera onarekin eta intentsitatez jokatuta posible dela erakutsi dugu".

Jaitsiera postuetan

Pozik gaurkoarekin; ez horrela, denboraldiarekin: "Jaitsiera postuetan gaude eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Talde ona daukagu, eta izan daitekeen entrenatzailerik onena, baina sinistea falta izan zaigu. Ez dugu irabaztea lortu eta luze egin zaigu denboraldia", gaineratu du. Goiko ligetatik zein talde jaitsiko diren ikustea falta da orain, horren arabera izango dutelako aukera mailari eusteko edo ez; aste batzuk beharko dira hori argitzeko.

Orain atseden hartuko dute Aste Santu ostera arte, eta ondoren entrenatzen jarraituko dute, maiatza bukaerara arte, datorren denboraldiari begira.

Ezin buelta eman

Bestela bukatu du denboraldia Soraluce BKE-k, Gipuzkoako Txapelketan lehiatu diren hamabi taldeen artetik zortzigarren geratuta. Denboraldia garaipenarekin bukatu gura zuten, ordea, eta ez da posible izan: "Pena izan da. Partidu eskasa egin dugu. Lehenago bideratu behar genuen eta ez dugu egin; azken minutuan saiatu gara, baina jada berandu zen. Denbora joan zaigu", adierazi du Iker Elizburu kapitainak. Arrasatearren etxean jokatu zutenean ere ez zuten irabaztea lortu, eta errebantxa hartzeko gogoz zetozen, baina ez dira gai izan: "Makal xamar hasi gara hasieratik. Eduki ditugu minutu batzuk onak, zati bietan, eta horietan egin dugu min, batez ere kanpoko tiroekin, baina galeretan eta defentsan diferentzia markatu dugu. Pattal ibili gara, orokorrean. Arrazoia zein izan den ez dakit, baina intentsitate falta izan dugu momentu askotan eta azken aldera bideratzen genbiltzan galerak berriz bueltatu dira", gehitu du.

Eskubaloian 16 urtez ibili eta gero, Elizburuk agur esan dio bere ibilbideari. Taldekideentzako gomendioa eskatuta, esfortzua eta talde lana aipatu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!