Arrasateko, Oñatiko eta Aretxabaletako pilota taldeetako lau bikotek jokatu zituzten Gipuzkoako Mendebaldeko Eskuz Binakako Errendimenduko finalak pasa den ostiralean. Bigarren mailako alebinek eta lehen mailako infantilek Oñatin izan zituzten partiduak, infantilen bigarren mailako Aimar Akizu eta Enaitz Pastor aretxabaletarrek, berriz, Alegian.
Oñatiko bi bikotek jokatu zuten alebin kategoriako bigarren mailako finala; bertan, Aiur Biain eta Joseba Ugarte pilotariak 16-15 gailendu zitzaizkien Hodei Umerez eta Enaitz Zubia herrikideei. Oñatiarren arteko lehiaren ondoren jokatu zuten Arrasateko Peru Oruek eta Ibai Osorok infantil kategoriako lehen mailako finala, eta 18-14 irabazi zieten Azpeitiko Paul Egiguren eta Aiurdi Peñagarikano bikoteari.
Infantiletako bigarren mailako finala, ostera, Alegiako Elorri pilotalekuan jokatu zen, eta han, Aretxabaletako Aimar Akizu eta Enaitz Pastor bikoteak 18-16 galdu zuen Intxaurre pilota taldeko Amets Azpilikueta eta Enetz Ipentza bikotearen kontra.