Atzealdeko postuetatik urruntzeko helburuarekin dagoen Mondra eta aurrealdekoen borrokako gurpila galdu nahi ez duen Bergara izan dira gaur aurrez aurre Mojategin, eta bietako batek ere ez ditu helburuak bete, alegia, puntuak hirunaka batu. Emaitza justua izan da (1-1), bietako inork ez duelako nagusitasunik erakutsi, nahiz eta Mondrak bigarren zatiaren azken minutuetan gehiago estutu duen Bergara.
Lehenengo zatiak ez du aparteko komentariorik merezi, ez delako apartekorik egon. Bietako inork ez du gol aukera garbirik sortu. Eta bigarren zatia ere halaxe hasi dute, 61. minutuan Etxanizek eskuin hegaletik egindako bakarkako jokaldian atzelariak gainditu eta Iturrioz atezaina ere gainditu duenean (0-1).
Halako detaileak erabakigarriak izaten dira horrela trabatzen diren derbietan, eta beste detaile batetik etorri da Mondrakoen gola, 76. minutuan Aizpuruaren jaurtiketa gurutzatu bat saretara joan denean (1-1). Ondoren ez da askoz gehiago egon, Arizmendiarrietaren burukada bat eta Adiranek urrunetik egindako jaurtiketa bat –langan jo du– izan dira zuri-moreen aukera garbienak, baina bi taldeetako inor ez zegoen trabatutako derbi hori askatzeko moduan.
Aretxabaleta ezinean dabil azken jardunaldietan
Hirugarren Federazio Mailan, bigarren itzuli honek ez du lehenengoarekin zerikusirik, eta logikoa den arren Aretxabaleta ez dabil lehenengoan bezain ondo. Izan ere, azken zortzi jardunaldietan Calzonen mutilek lau puntu baino ez dituzte eskuratu. Gaur Alaves C taldea izan da Ibarran, sailkapeneko erdialdeko postuen lehian kontrario zuzena zen, eta puntuak Araba aldera eraman dituzte (0-2). Aretxabaletarrek 36 puntu dituzte, eta puntu gutxi batzuk gehiago behar dituzte liga amaiera honi lasaitasunez aurre egiteko.
Aloña Mendik arnasa hartu du Oiartzunen
Gizonezkoen ohorezko erregional mailarekin jarraituta, arratsaldeko albiste ona, berriz, Oiartzun aldetik etorri da, sei astetan burua altxa ezinda ibili den Aloña Mendik Oiartzunen garaipena lortu duelako (0-1). Arnasa hartu dute, beraz, Urzelairen mutilek. Zortzi jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko, ez dago dena galduta, inondik inora.
Emakumezkoen ohorezko erregional mailan Bergarak zigor gogorra jaso du Zumaian, mahoneroek 3-0 galdu dute-eta Zumaiakoren kontra. Hurrengo bi jardunaldiak aprobetxatu beharko dituzte, etxean jokatzen dute-eta.