Zero kilometroko musika jaialdiak, nazioarteko artistak ere gonbidatuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko mar. 22a, 10:48

Udaberrian eta udan egingo dituzten Ekinez, Mondra&Roll eta Arrasate Blues musika jaialdietako antolatzaileak buru-belarri ari dira aurten ere eskualdeko zein kanpoko zaleentzako "eskaintza oparoa" egiteko lanetan; sarrerak dagoeneko salgai daude.

Urte osoan askotariko musika emanaldiak izaten dira Debagoienean, erakundeek edota elkarteek antolatuta, baina, udaberrian sartu ahala, areagotu egiten da eskaintza, eta horien artean daude musika jaialdiak.

Azkeneko urteetan eskualdean ere badago musika jaialdietarako joera; esaterako, maiatzaren 30ean eta 31n, Bergarako Labegaraieta auzoan Ekinez jaialdia egingo dute, hirugarrenez; uztailaren 4an eta 5ean izango da laugarren Mondra&Roll jaialdia Monterron parkean; eta zazpigarren Arrasate Blues jaialdiak hartuko du lekukoa uztailaren 10etik 13ra. Horiez gainera, badira beste batzuk ere: irailean Eskoriatzan egiten duten Errekan Gora jaialdia eta herrietako udalen egitarau bereziak.

Ekinez jaialdia, lehenengoa

Irabazi-asmo bako Bergarako Ekinez elkarteak 2022an egin zuen Agorrosin futbol zelaian, estreinakoz, Ekinez musika jaialdia. Labegaraieta auzoan egin zuten bigarren aldia, 2023an, eta toki berean izango da hirugarrena. Hamasei laguneko lantaldea ari da maiatzaren 30ean eta 31n egingo duten jaialdian lanean. "Orain arte moduan, arloka banatu ditugu egin beharreko lanak. Esaterako: azpiegitura; taberna; komunikazioa; Udalarekin harremanak; akanpalekua... Eta bilerak egiten ditugu gero, erabakiak denon artean adosteko. Lanerako boluntarioak eskatuta, erantzun ona izan dugu, baina lagundu nahi duten guztiendako ateak zabalik ditugu oraindik", azaldu du antolakuntza taldeko kide Beñat Etxebarriak.

Maiatzaren 30ean eta 31n egingo duten ekinez musika jaialdian 40 talde izango dira

Kontzertuak dira jaialdiaren oinarri, eta, aurreko aldietan moduan, bi agertoki prestatuko dituzte, nahiz eta bestelako gune gehiago izango dituztela ere iragarri duen Etxebarriak: "Jateko eta edateko guneak, skate-gunea, akanpalekua –aurten kiroldegian izango dena, baina dagoeneko txartelak agortuta daude– eta laster iragarriko ditugun beste espazio batzuk".

40 talde Bergarakoan

Aurreko aldietan izan diren hiru talde izan ezik, gainontzekoak estreinakoz izango dira. Euskal Herrikoak dira guztiak, eta eskualdeko talde asko daude; horien artean: Añube; Berandu Baino Lehen; Bidelapurrak; Brigade Loco; Inguma; Kaleko Urdangak; Kaparrak; Kontralde; Neallta Fola; Nick Linböt; No Limits ; Orhi; Sotoalde; The Clayton; Debagoieneko musikariak dituzten Chuleria Joder eta Pubic Enemy; eta Danbaka-Ekinez saria irabazi zuen Aretxabaletako 721 Gogor Gabiltza.

Martxoaren 26an argitaratuko dituzte egunez eguneko kartelak, baita eguneko sarrerak ere. "Orokorrean, oso ondo doa salmenta. Bi egunerako bonua 40 eurotan dago eskuragarri, Ekinezjaialdia.com atarian, eta, datorren eguaztenean hasita, egubakoitzerako txartela 25 eurotan erosi ahalko da, eta 30 eurotan zapaturakoa".

Iazko Mondra&Roll jaialdian izan zen Cock Sparrer taldea.

Monterronen, nazioartekoak

Mauka musikagintzak, Jimmy Jazz aretoak eta HFMN Crew ekimenak, Arrasateko Udalaren babesarekin, antolatzen duten punk, oi! eta hardcore eszenako Arrasateko jaialdirako prestaketa lanak ere bide onetik doaz. Uztailaren 4an eta 5ean, aurten laugarrenez egingo duten jaialdian hogei talde izango dira Arrasateko erdigunean dagoen Monterron parkeko agertoki gainean. Nazioarteko musika talde beteranoak gonbidatu di- tuzte aurten ere; horien artean: The Toy Dolls; The Selecter; The Exploited; DRI eta The Pioneers; baina badira atzerritik ekarriko dituzten talde gehiago ere; besteak beste: Street Dogs; Michael Mc Colgan and The Bomb Squad; Puffer eta Far For Finished. 

Ibilbide luzeko nazioarteko musika taldeak eta Euskal Herrikoak izango dira Monterronen

Aurreko aldietan moduan, euskal taldeei ere tokia egin diete, eta eskualdeko musikariak ere gonbidatu dituzte; esaterako, Eskoriatzako eta Arrasateko musikariak batzen dituen 80ko hamarkadan sortutako Heriotza taldea. Horrez gainera, Iruñerriko Street Wise taldea ere Monterronen izango da, baita Ekinez jaialdian ere parte hartuko duten Chuleria Joder eta The Friday's Crew.

Dagoeneko eskuragarri daude sarrerak, Musikaze.net atarian: bi egunerako bonua 85 eurotan eta egunetakoak 47 eurotan.

Iazko Arrasate Blues jaialdian, A Contra Blues taldea.

Harmonika izango da, bereziki, Arrasate Blues jaialdian protagonista

Zazpigarren Arrasate Blues

Ibai-arte merkatari elkarteak Arrasateko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Arrasate Blues jaialdiko arduradunak egitaraua ixten ari dira. "Euskal taldeak izango dira, ohi moduan, protagonista nagusi, baina atzerriko musikariak ere gonbidatu ditugu; esaterako, AEBetako Sugaray Rayford handia eta aurreko aldian gurean izan zen Greg Izor. Aurten, bereziki, harmonikari eman diogu garrantzia; hori horrela, instrumentu horrekin abilak diren askotariko musikariak ekarriko ditugu; besteak beste: Joan Paul Cumellas katalana; Iparraldeko Nico Wayne Toussaint; Emilio Arsuaga madrildarra eta Sevillako Mingo Balaguer, baina baita Paul San Martin donostiarra eta Arrasateko harmonika-jole bat ere. Emanaldi guztiak dohainik dira", dio Arrasate Blues jaialdiko zuzendari Jon Apraizek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak