Gazteak eta adinekoak, elkarrekin bidea egiten

Babestutako edukia 2025eko martxoaren 19a

Menpekotasun egoeran dauden pertsonen arretako ikasleak Garaguneko pertsonekin. Argazkia: ALE.

Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolako Menpekotasun Egoeran Dauden Pertsonen Arretako eta Erizaintza zaintza Osagarriko ikasleak elkarlanean dabiltza zentro eta egoitzekin, adineko zein aniztasun funtzionala duten pertsonekin elkar laguntza sustatzeko.

Bost urte pasatu dira Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolako Menpekotasun Egoeran Dauden Pertsonen Arretako eta Erizaintza Zaintza Osagarriko zikloetako ikasleak Arrasateko Iturbide egoitzarekin eta Garagune eguneko zentroarekin, Eskoriatzako Jose Arana egoitzarekin eta Aretxabaletako GSR egoitzarekin elkarlana hasi zutenetik. Elkarlan horren helburuak bi dira, nagusiki: ikasleen eta adineko zein aniztasun funtzionala duten pertsonen arteko elkar-laguntza sustatzea eta, aldi berean, parte hartzaile guztientzat esperientzia baliotsua izatea.

Aberastasun pertsonala

Maiztasun handiz elkartzen dira ikasleak eta zerbitzu horietako erabiltzaileak: astero edo hamabost egunean behin. Adinekoentzako egoitzetan, esaterako, elkarrekintza sustatzeko asmoz askotariko ekintzak egiten dituzte; besteak beste, joko kognitiboak eta karta-partidak. Egutegiko data seinalatuak ere elkarrekin ospatzen dituzte; horren adibide pasatu berri diren Aratusteak izan daitezke.

Garaguneko erabiltzaileekin ere hainbat ekintza egiten dituzte ikasleek. Astero joaten dira elkarrekin igerilekura, eta ikasturte honetan, beste hainbat proiekturen artean, Mondravemberreko koadernoak prestatzen ibili dira.

Esperientzia paregabea izaten da guztientzat, hein handi batean, ikasleen eta erabiltzaileen artean sortzen diren harremanengatik. Parte-hartzaileei ekarpen handia egiten die euren egunerokotasunean, eta aberastasun pertsonala modu zirraragarrian garatzen dute.

Elkarrekin ikasi

Adineko pertsonentzat oso baliagarria da ikasle gazteek egindako bisita, egunerokotasuna modu atseginean hausteko aukera ematen die eta. Haientzat aisiaz gozatzeko eta elkarrekintza garatzeko espazio bat izateaz gain, lagun berriak egiteko eta askotariko belaunaldien harremanean sakontzeko balio die; gazteengandik asko ikasten dute. Eta ikasleentzat pertsona moduan hazteko eta hezteko aukera bat da dinamika hori. Adineko pertsonekin lan egitearen errealitatea ezagutzearekin batera, haien beharretara nola egokitu behar duten ikasten dute. 

Emaitza positiboak

Proiektua martxan egon den urte hauetan guztietan emaitzak oso positiboak izan direla aipatu dute Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolako kideek, proiektuak komunitate solidarioago eta interaktiboagoa eraikitzen laguntzen duela iritzita. Egoitzentzat eta eguneko zentroentzat esker ona besterik ez dute: "Bailarako egoitzei eta eguneko zentroei eskerrak eman nahi dizkiegu, beti elkarlanerako prestutasuna daukatelako eta euren etxeko ateak zabalik dituztelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak