'Debagoienetik Independentziara' ekimena ospatzen dabiltza bailaran

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 15a, 14:19

Ernai gazte antolakundearen eskutik, Hego Euskal Herriko 75 herritan antolatu dituzte ekintzak; tartean Bergaran, Arrasaten eta Aretxabaletan.

Debagoienetik Independentziara ekimena ospatzen dabiltza gaur, martxoak 15, bailarako herri batzuetan, "aldarri independentista zabaltzeko" ez ezik, herriko gazteak elkar ezagutzeko eta espazio bat eskaintzeko. "Gure zalantzak, gure kezkak apur bat partekatzeko, eta gazteok protagonista bilakatzeko", adierazi du Liher Egurenek, Bergarako Ernaiko kideak, nabarmenduz antolaketa lanean ez direla soilik gazte antolakundeko kideak aritu: "Ernaiko taldeetatik harago asanbladetan antolatu ditugu egun hauek, herriko gazteek antolatuak izateko".

Bergarako kasuan, Bergarako gazte mugimenduari begirada izenpean, mahai ingurua egin dute goizean Kartzela Zaharrean, eta hizlarien artean izan dira: Markel Eguren, Ikama ikasle antolakundeko kidea; Andrea Gonzalez, Euskal Herriko Gazte Feministak; Ainhoa Pardina, Euskal Herrian Euskaraz; Nere Zurro, Xaxau Konpartsa; eta Olatz Ugarte, sortzailea. "Era horretan, Bergarako gazte mugimenduari begiratu nahi izan diogu, bakoitzak bere arlotik nola ikusten duen egoera, eta baita aldarri independentista ere herrian", zehaztu du Egurenek. Ondoren, bazkaria (14:30), joko herrikoiak (17:30) eta kontzertuak (19:00) izango dituzte.

Independentismoaz hizketan

Independentismoaren aldarria da, horrenbestez, gaurko egunaren oinarri nagusienetako bat, eta horren zergatiaz jardun du Egurenek: "Faxismoaren gorakada bada gazteon artean orain darabilgun gai bat, eta guk ulertzen dugu Euskal Herrian horrek modu berezituan hartzen duela forma, eta hemengo gazteriak baduela beste nahi bat, gauzak egiteko beste modu bat, eta independentzia badela horri soluzio bat emateko bidea". Haren esanetan, "onartu" egin behar da "azken aldian beherakada bat" egon dela independentismoaren auzian, baina aurrera begira esperantza badela uste du: "Beste olatu independentista bat dabil sortzen; alde horretatik, positiboki baloratzen dugu".

Debagoieneko beste herrietan ere, antolatutako Independentziara Egunetan, gai bera izan dute berbagai: Arrasaten, Amaia Etxaberen eskutik, Sortuko kidea, Independentzia zertarako? galderari erantzun diete herritarrek, Irati Topagunean eginiko hitzaldian. Haien hitzetan, Euskal Herriaren independentzia helburu izanik, "gazte eta ezker independentisten egitekoa" da hori Euskal Herrian "posible" dela sinestea, horretarako "aukera" badagoela, eta nabarmendu dute prozesu horretan gazteen ekarpena "ezinbestekoa" dela. Ostean, bertso bazkaria (14:30), argazkia (17:30), mural margoketa (18:00) eta kontzertuak (20:00) izango dira.

Aretxabaletan, berriz, Faxismoaren gorakadaz izenpean, Nikole Ziarrustak, Ernaiko kideak, egin du hitzaldia Urbaltzen, eta dozenaka lagun elkartu dira. Bazkalondoren, Gazteon Eskutik ekimenaren aurkezpena izango da, zelanbait horren aitzakia pean antolatutako egunak baitira gaurkoak: "Apirilaren 17tik 20ra egingo da Berriozarren aurten, eta motorrak berotzeko ere badira egun hauek, aurrelanketa bat egiteko".

Hala, Bergaran, Arrasaten eta Aretxabaletan ez ezik, Eskoriatzan eta Oñatin ere egingo dituzte Independentziara Egunak: hurrenez hurren, hilaren 28an eta 29an izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak