Sailkapeneko behealdean dauden bi talde izanik, oso garrantzitsuak ziren atzoko bi puntuak, eta Joseba Elortzak zuzentzen duen taldeak lortu zituen puntu horiek. Oñatiarrak hobeto sartu ziren partiduan (0-4), baina bergararrek segidan orekatu zuten emaitza eta atsedenaldirako estu ziren gauzak (14-15).
Bigarren zatian ere, hiru goleko aldea izan zen bergararrek lortu zuten handiena eta azken minutura gol bateko aldearekin iritsi zen Soraluce BKE. Hutsarte baten ostean, oñatiarren berdinketa ezarri zuten markagailuan eta beste hutsarte bat eskatu zuten bergararrek, hamar segundoren faltan. Hori baliatuta, azken segundoan gola egin eta bi puntuak Bergaran geratu ziren (31-30).
Elortzak nabarmendu du "bi puntu baino gehiago" zeudela jokoan eta balio handia eman dio atzoko emaitzari. "Izan ere, gutxi geratzen da denboraldia amaitzeko". Xabier Guridik, oñatiarren entrenatzaileak, horixe bera azpimarratu du. "Bi taldeak geunden zuloan sartuta eta asko nabaritu ziren urduritasunak. Lanean jarraitu beharko dugu", dio.
Garaipen honekin, arnas apur bat hartu du Soraluce BKEk, eta hamazazpi punturekin kokatu da sailkapenean, zazpigarren postuan. Fagor Proffesional Aloña Mendi, aldiz, hamahiru punturekin geratuko da, bederatzigarrenean.