Autobus zerbitzu "duina" bermatzeko eskaera egin dio Debagoieneko Mankomunitateak Foru Aldundiari. "Gure biztanleek behar duten autobus zerbitzu hobetzeko eskariak bideratu ditugu", adierazi dute Mankomunitateko ordezkariek.
Mankomunitateak ohar bidez adierazi du bost eskaera egin dizkiotela Aldundiko Mugikortasun Departamentuari: “Azken hilabeteetako lanketa ezberdinetan sistema hobetzeko oinarrizko proposamenak egin dira, baina, oraindik, debagoiendarrok behar dugun zerbitzua bermatzeko pausu eta hobekuntza gehiago beharko dira”.
Maiztasun handiagoa
Lehen puntuan herrien arteko loturen maiztasuna 15 minutukoa izan behar dela jasotzen da. Mankomunitateko ordezkariek azaldu dutenez, egun 30 minutuero dago Oñati Elorregirekin lotzen duen autobus bat, Arrasatera doan linearen bidez bermatzen dena. Maiztasuna handitzeko Oñati eta Bergara lotzen dituen linea berreskuratzea proposatu dute. Bestalde, Bergara eta Arrasate lotzen dituen linea optimizatzea ere proposatu dute: "Askotan autobus bat baino gehiago joaten dira une berean".
Matxurak eta hauen ondorioak
Bigarren eskaeran puntualtasuna eta segurtasuna bermatzea aldarrikatu dute, zerbitzuaren erabilera bultzatzeko asmoz. Debagoieneko Mankomunitatearen ustez azkenaldian matxurek atzerapen asko eragiten dituzte, eta hau saihesteko, “mantentzea bermatzea edo/eta flota berritzea” proposatzen dute. Elorregi eta Epeleko biribilguneen artean autobusentzako errei propio bat jartzea eta gidarien atsedena bermatzeko Eskoriatzako beheko geltokian komuna jartzea ere aztertzeko moduko aukerak direla adierazi dute.
Hiriburuekin konexio hobeak
Debagoiena hiriburuekin lotzen dituzten lineak aztertzen dira hirugarren puntuan. Herritarrek zerbitzu hori auto bidezko desplazamenduaren aurretik aukeratzeko, bi garraioen arteko ratioa egokia izan behar dela adierazi dute, herri batzuen kasuan bi aldiz handiagoa delako, hau da, ibilbidea autobusez eginez gero, autoz eginda baino bi aldiz denbora gehiago behar da. Horren aurrean, ratioa 1,5era gerturatzea eskatzen dute. Debagoieneko herrien eta hiriburuen artean linea gehiago jartzea ere beharrezko dela uste du Mankomunitateak.
Bilbora doazen autobusen kantitaea oso murritza dela adierazten da oharrean, linea kantitatea handitzeko eskatuz. Gasteizeko lineari dagokionez, goiz eta eguerditan Arrasate hiri honekin lotzen dituen autobusen kantitatea handitu beharra dagoela adierazi dute, bete egiten direlako. Eskoriatzak eta Aretxabaletak ere Gasteizekin lotura gehiago behar dituztela azaldu dute. Horretarako, zingirako bidea egiten duen DG05D linea desagertzea eta Eskoriatzatik autobidera joatea eskatzen dute. Horrekin batera, DG05A linea Aretxabaletako Azbe geltokitik eta Eskoriatzako geltoki berritik pasatzea beharrezko dela aldarrikatu dute.
Herri txikien beharrak
Laugarren puntuan herri txikiak eta hauen beharrak jorratzen dituzte. Elgetari dagokionez, Elorriorekin duen lotura handitzea eta Bergarako lotura hobetzea jasotzen da. Bergarako lineari dagokionez berriz, eskakizun zehatzak egin dituzte: 8:00etan, 10:00etan , 11:00etan, 17:00etan eta 18:00etan autobusak jartzea. Bergaran ikasten duten Elgetako eta Antzuolako ikasleak etxera bueltatzeko 15:15ean autobusa jartzea ere aldarrikatu dute.
Leintz Gatzagaren kasuan Arratsaldetako zerbitzu denak Aretxabaletaraino joan behar direla uste dute, “eskolaz kanpoko ekintza asko han burutzen dituztelako gure gazteek”. Ikasleentzat goizez zein arratsaldez Leintz Gatzaga-Arrasate-Leintz Gatzaga egingo duen autobus bat egotearen garrantzian ere jarri dute azpimarra.
Gatzagaren kasuan, bidegorri bat jartzeko aukerarik ez dagoenez, autobusera bizikletak igotzeko oztoporik ez jartzea eskatu dute. Azkenik, egun eskaripeko zerbitzua telefonoz bakarrik egin daitekeela azaldu dute. Zerbitzu horrek ematen dituen arazoak direla-eta, beste formula batzuk aztertzeko eskaria egin du Mankomunitateak: “Agian app bat izan daiteke tarteko irtenbidea”.
Sasoi berezietarako proposamenak
Ordutegi eta sasoi berezietarako hainbat proposamen plazaratu ditu Debagoieneko Mankomunitateak. Gaueko autobusei dagokionez, herri txikiek ere asteburuetan gaueko zerbitzua izatea, herri handiekiko maiztasuna handitzea, urteroko egutegi finko bat egotea eta autobusak geltoki guztietan gelditzea proposatu dute.
Udako sasoiaren inguruan, Landako urtegira joateko Gatzagako zerbitzua ematen duen DG21E linea Etxezuriraino luzatzea izan da eskaria: “Marisarenean deskantsatzen du, eta Etxezuriraino luzatzeak ez luke denbora galerarik ekarriko gainontzeko ordutegietan”.