'Debagoienetik Independentziara!' ekimena hartuko dute Arrasatek, Bergarak eta Aretxabaletak zapatuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mar. 13a, 12:49

Amets Arexolaleiba eta Liher Eguren Debagoieneko Ernaiko kideak kartelarekin. (Argazkia: Debagoieneko Ernai).

Debagoieneko Ernaik antolatutako egitasmoa da, eta, gainera, hilaren 28an Eskoriatzan egingo dute, eta 29an, berriz, Oñatin. Herri bakoitzak bere egitaraua prestatu du. Horrelako egitasmoa antolatzen duten lehen aldia da.

Herriz herri egingo badira ekintzak ere, Debagoiena mailan lehen aldiz antolatu du Debagoieneko Ernaik Debagoienetik Independentziara! moduko ekimena, eta apirilaren 17tik 20ra Berriozarren ospatuko duten Gazteon Eskutik ekimenaren aurretik "eskualdean, eskualdeko gazte independentistontzat" ekimen ezberdinak antolatu dituzte martxoan zehar. Martxoaren 15ean, zapatua, Arrasate, Bergara eta Aretxabaletan egingo dituzte ekintzak; hilaren 28an, Eskoriatzan, eta 29an, berriz, Oñatin. Interesa duen edozein gaztek hartu dezake parte, baina zenbait herritan bazkariak antolatuko direnez, sarrerak erosi beharko dira bazkarietarako.

Beñat Loidi Debagoieneko Ernaiko kidea da eta adierazi du "une erabakigarria" bizi dutela mundu mailako erronkei dagokienez, eta, "Euskal Herriaren askapen prozesuaren ikuspegitik jauzi berri bat egiteko aukerei dagokienez. Gainera, bi prozesu horiek lotuta daude". Horregatik, erronka horiei aurre egiteko eta "bidegurutze historiko honetan posizio eraldatzaileetara bultza egiteko bide bakarra" independentzia dela dio, eta testuinguru horretan, bailaran, gazte asko pauso bat aurrera ematen ari direla.

Helburuak finkatuta

Nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen jarraituko dutela adierazi du Loidik, "independentziaren aldeko borroka ardatz izanda. Geroz eta gehiago gaudela etorkizunari begiratu eta independentziaren alde lerratzen garenak. Eta nola ez, hurrengo hilabeteetan indarrak biltzen jarraitu eta inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren aldeko borrokan bultza egiten jarraituko dugula".

Helburuen artean, pedagogia independentista eginda, identitate independentista sortzen jarraitzea dute helburu, mugarria Berriozarren ospatuko den Gazteon Eskutik izanez: "Herri bakoitzak bere planteamendu propioarekin herrietako gazteria elkartu eta komunitatean, herriko gazteok amesten dugun herrira jauzi egiteko indarrak hartuko ditugu".

Debagoiena mailako ekimena

Debagoienaz gain, beste zenbait herritan ere antolatu direla horrelako egunak azaldu du Loidik: "Debagoienaren kasuan, aurretik, adibidez, masa mobilizaziorako eskualdeko ekimen zentralizatu batzuk egin ditugun arren, egun horiek dituzten helburuak eta hartzen duten forma ikusita, herri bakoitzean bere egun eta egitarau propioa ateratzea erabaki zen, horrela gaztiarenganako irismen handiagoa eduki genezakela ulertuta, nolabait herriko gazteok herrira begirako egitarauak osatuz. Horrez gain, kontuan hartu behar da zentzu batzuetan ez garela oso eskualde homogeneoa eta herri bakoitzak bere agenda, bere erritmoak eta bere egoera partikularra dituela". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak