Langabeziak beherantz egin du edo egonkor mantendu da hilabeteko epean Debagoieneko herri guztietan, urtarrileko datuekin alderatuz gero otsailekoak, Aretxabaletan izan ezik. Gipuzkoako Lan Behategiak emandako datuen arabera, 46 langabe zenbatu dituzte Antzuolan, aurreko hilabetean baino bat gutxiago; Aretxabaletan, 194 dira, bi gehiago; Arrasaten, 1.094 (-22); Bergaran, 511 (-11); Eskoriatzan, 156 (-3); eta Oñatin, azkenik, 292 (-19). Aramaion, zehaztu dutenez, ez dago langaberik, aurreko hilabetean bezalaxe, eta Elgetan, berriz, kopuruak ez du aldaketarik izan hilabetean: 26 pertsona daude lanik gabe herrian. Horrez gain, bost baino gutxiago dira Leintz Gatzagan, baina ez da jakinekoa zenbatekoa den datu zehatza.
Debagoieneko egoerari erreparatuz gero, 2.341 langabe daude, aurreko hilabetean baino 54 gutxiago, 2.395 baitziren ordu hartan. Horrez gain, langabezia-tasak ia %0,20ko jaitsiera izan duela ohartarazi du Lan Behategiak: %7,85etik %7,67ra jaitsi da.