Beñat Larrea, pausoak banan-banan ematen dabilen lehoia

Xabier Urtzelai 2025ko ots. 28a, 19:22

Beñat Larrea, Baskoniarekin, Aretxabaletaren kontrako futbol partiduan.

Antzuolako eta Bergarako futbol taldeetako harrobietan jokatutako Beñat Larrea baskonian dabil, Athleticeko hirugarren taldean. Europan ere badihardu jokatzen, PremierLeague Cup-en. Aretxabaletaren kontra, duela hiru aste, minutu gutxi batzuk jokatu zituen.

2023-2024ko denboraldian Athleticek Bergarako Euskal Ligako gazte mailatik fitxatu zuenetik, Beñat Larrea (Antzuola 2006) aurrerapausoak ematen dabil. Iaz, jokalari internazional bilakatu zen Espainiarekin, eta aurten ere dagoeneko jokatu du 19 urtez azpiko selekzioarekin, Italiaren kontrako lagunartekoa, urtarrilaren 15ean. Ligan, berriz, antzuolarra Baskoniarekin dabil jokatzen, Athleticeko harrobiko taldean –Hirugarren Federazio Mailan–.

Hala, duela hiru aste Aretxabaletaren kontra jokatu zutenean (1-4) Ibarran batu ziren zale gehienak etxekoak animatzeko helburuarekin bertaratu baziren ere, baziren espresuki antzuolarra ikustera joan zirenak. Bada, azken horiek ez zuten askorik ikusterik izan, Larrea ordezko moduan sartu zen eta, 86. minutuan.

Europan dabil jokatzen

Aretxabaletan hasierako hamaikakoan egon ez izana nobedadea zen, Larrea Baskoniako atzeko lerroko jokalari finkoetako bat da eta. Baina aste barruan partidu garrantzitsu bat jokatzetik zetorren, 21 urtez azpiko Athleticekin Premier League International Cupeko partiduko 90 minutuak jokatu zituen –1-2 hartu zuten mendean Ingalaterrako Blackburns Rovers–, eta entrenatzaileak atseden eman zion.

BEÑAT LARREA: "HASIERATIK EGOKITU NAIZ ONDO, ATHLETICZALEA NAIZ TXIKITATIK ETA ONDO ZAINTZEN GAITUZTE"

Hala, partidua amaituta, antzuolarrak tarte bat hartu zuen Athleticeko harrobian ordura arte egindako bidea GOIENArekin partekatzeko: "Oso pozik nago, egia esan, oso ondo zaintzen gaituzte. Hasieran egoera berrira egokitu behar duzu, baina niretako oso erraza izan da; athleticzalea naiz txikitatik eta sentimendu berezia eragiten dit talde hori ordezkatzeak".

Taldeko onenaren saria iaz

Antzuolako atzelariak Ohorezko Gazte Mailako Athleticen jokatu zuen iaz. Guztira 28 partidu jokatu zituen, eta taldeko jokalari nabarmenaren saria eman zioten. Aurten, esan moduan, Baskoniara egin du salto, eta hor ez daude berehalako emaitzei begira; ez, behintzat, gainontzeko klubak bezala. Asteburuan 1-2 irabazi diote Padurari, eta bigarren daude sailkapenean: "Tira, ez dut uste gu garenik maila honetako oilarrak, badaude talde gogorrak. Baina horrek ez gaitu itsutzen, gure formakuntzarekin jarraitzea da lehentasuna".

Aretxabaletaren kontrako garaipenaren (1-4) gainean galdetuta, Larreak aitortu zuen errespetuz joan zirela Ibarrara. "Ondo prestatu genuen partidua, Aretxabaletak zelan jokatzen duen aztertzen ibili ginen; izan ere, talde horrek aurten ezusteko bat baino gehiago eman du – Joanekoan Aretxabaletak 2-3 irabazi zien–, eta erakutsi dute talde osoa dutela, partiduak galdu dituztenean ere lehiakorrak izan direla". Partidua zuzenean ikusi zutenek, baina, segituan antzeman zuten Bizkaiko taldeko jokalarien maila. "Bai, gaztetasunak ematen duen bizitasun hori dugu, eta, seguruenik, esperientzia aldetik asko falta zaigu oraindik, baina gauza asko erraz egiten ditugu; uste dut oso talde polita daukagula".

Athleticeko harrobian lan polita egiten dabil 1,90 zentimetroko atzelaria. Bereziki atzean erakusten duen segurtasunak ematen du arreta, goitik datozen baloietan zelan nabarmentzen den eta baloia hanketan duela jokatzen irteteko daukan gaitasunak. Izango du zer hobetu, baina talde zuri-gorriaren harrobia jarraitzen dutenek diote atzeko lerrorako etorkizuneko jokalaria dela Larrea. Denborak esango du, elitera iristeko talentua, lana eta zortea behar dira eta. Bitartean, pausoak, banan-banan.

page1image3063675840

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak