Zerga erreforma "sakon" bat eskatu du EH Bilduk; EAJk, "alarma soziala sortzea" leporatu dio

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 28a, 14:07

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza Donostian. Irudia: Foru Aldundia.

EH Bilduk salatu duenez, udalek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek jasotako diruaren zati bat itzuli egin beharko dute, "zerga-bilketaren jaitsierarengatik". Gipuzkoako EAJk, ordea, ukatu egin du: "Hori ez da horrela".

EH Bilduko sei alkatek agerraldia egin zuten joan den martitzenean, otsailaren 25ean, Finantzen Euskal Kontseiluak emandako datuei buruzko balorazioa egiteko, eta azpimarratu dute udalen finantzaketa bermatzeko eta gizarte politikak ardatz izateko zerga erreforma "sakon" bat egitea beharrezkoa dela. Izan ere, adierazi dutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 18.310 milioi euro jaso zituzten iaz zergen bidez, espero baino 700 milioi gutxiago, eta, ondorioz, salatu dute udalek dirua itzuli beharko dutela orain: "Bizkaiko udalek orotara 57,7 milioi euro itzuli beharko dizkiote Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari, Gipuzkoakoek 22 milioi, eta Arabakoek 9,1 milioi".

Gipuzkoako EAJk, ordea, "egia manipulatzea eta adierazpen nahasgarria" eragitea leporatu dizkio EH Bilduri, Ander Garay Arrasateko zinegotzia buru izan duen agerraldi batean. Haren hitzetan, Foru Aldundiak "ez du zalantzan jartzen udalen finantza-nahikotasuna", baina azpimarratu du "Udalek euren beharrei aurre egiteko alde anitzetako sarrerak" jasotzen dituztela: "Aldundiaren laguntza udal batzuentzat %40 ingurukoa da, eta beste batzuentzat %50ekoa; besteak, udal sarrerak dira. Horrenbestez, ezin zaio alde bati bakarrik eskatu erantzukizuna". Are, Garaik ukatu egin du udalek diputazioari dirua itzuli behar izana: "Foru Aldundiak foru funtsaren azken ordainketa doituko du, baina udalek ez dute 2024an zehar jasotako ezer itzuli beharko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak