Bideopodcasta izaten jarraituko du Galdegazte denboraldi berrian. Imanol Beloki da aurkezlea, eta ordu erdiko hamar saio ekoiztuko dituzte, Debagoieneko DBH-3ko eta DBH4-ko ikasleen parte-hartzearekin. Debagoieneko Mankomunitatearekin eta eskualdeko eskolekin elkarlanean landutako proiektua da.
Hamar gonbidatu pasako dira Goiena telebistatik. Asteon hasi dira grabaketak; besteak beste, Ane Rot aktore arrasatearra, Oxel Arriaran abeslaria, Aritz Zubia El Conquistador del Caribe saioko finalista, Izar Bedia Ointxe!-ko saskibaloi jokalaria eta Ander Murillo Go!azen-eko aktorea elkarrizketatuko dituzte.
Dekoratu berritzailea
Eszenografian eraldaketa apurtzailea, modernoa eta bizia izan zuen saioak, eta bide beretik jarraituko du. Gaur egungo streamer-en estetika oinarri hartuta, led argi koloretsuek, antzina irratian erabiltzen ziren tankerako mikrofonoek eta gonbidatua, elkarrizketatzaileak eta aurkezlea jasoko dituen mahaiak izango dute presentzia nagusia eszenografian.
Hala, jolasean ere arituko dira ikasleak gonbidatuekin, eta hori guztia martxan jarriko duena Maider Aranguren izango da. Hura arduratuko da jokoa prestatu, platoan dauden lagunei egin beharrezkoa azaldu eta partaideak xaxatuta elkarrekin jolasteaz. Kamera aurrean egongo dira Beloki eta Aranguren, baina saioaren produkzioan dabil lanean Aitor Agiriano, eta Luken Ugarteburuk errealizatuko du. Martxoaren 11n estreinatuko da Galdegazte-ren denboraldia: Oxel Arriaran abeslari arrasatearra elkarrizketatuko dute.