Iragana orainera dakar 'Hala bazan'-en denboraldi berriak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ots. 28a, 11:12

Goiena telebistaren artxibo analogikoa.

Denboraren makinan sartu eta duela 25 urteko Goiena telebistako irudiak berreskuratuko ditu saioak.

Goienak frogatu du iraganeko irudiak eta flashbackak gustuko dituztela debagoiendarrek, eta, horrenbestez, bueltan da Hala bazan saioaren laugarren denboraldia. Aurreko denboraldietan, Arrasate Telebistako artxibo analogikotik berreskuratutako irudi kuriosoenekin osatu da saioa, 1990etik aurrerakoekin. Oraingoan, baina, Goiena telebistako artxiboa miatu du saioko lantaldeak, eta, batik bat, 2000 eta 2004. urte bitarteko irudirik eta unerik onenak ekarriko ditugu gogora atal bakoitzak apirilean, Aste Santuko oporren ostean. Prest zaude 25 urte atzera egiteko?

Askotariko gaiak

2019an hasi zen Goiena telebista Hala bazan emititzen, eta dagoeneko 37 atalez gozatu ahal izan dute ikus-entzuleek, hiru denboralditan, eta datozen hilabeteetan ere, gutxienez, beste sei programa ikus ahal izango dituzte Goienaren euskarrietan.

Gaiak ere askotarikoak izango dira. Lehenak, esaterako, milurteko aldaketa jasoko du. Mende aldaketa haren bueltan sortutako zurrumurru eta gertakizunak izango dira ikusgai, besteak beste. Adibidez, gogoan duzu 2000. urteko efektua?

Hurrengo saioak, oporrei, ikastetxera bueltari eta ohitura zaharrei buruzkoak izango dira, besteak beste.

25. urteurrena gogora

Goiena Komunikazio Taldeak 25 urte betetzen dituen honetan, Goiena telebistako artxiboa arakatu du, eta, horrekin batera, urteurrenari keinua eginez, saio bakoitzean Goienaren bueltako momenturik eta datarik gogoangarrienak eroango dira pantailara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak