Euskaraldia 2025

Euskaraldia Hikan izena emateko deia egin diete ZirHikako kideek herriei

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ots. 26a, 15:51

ZirHika taldeko kideak, tartean Juan Martin Elexpuru bergararra eta Idoia Etxeberria oñatiarra.

Euskaraldia Hika bultzatzen ari da ZirHika taldea Tauparekin batera, eta egitasmo horretara batzeko dei egin diete bertako kideek, herriei. Debagoieneko batzuk badira dagoeneko Euskaraldia Hikako parte; martxoaren 1era arteko epea dute besteek izena emateko. Kide izanda, txapan H-a eramatea aukeratu ahal izango dute bertako biztanleek.

ZirHika taldea hitanoa -bereziki noka- biziberritzeko sortutako talde da, euskararen normalizaziorako. Euskal Herri osoko leku askotako hika eragileek osatzen dute eta asteburuan egin dute aurkezpena, Donostian. Hantxe azaldu ditu taldeak dituen erronketako batzuk. Lehenengoetako bat, Euskaraldian hitanoa txertatzen saiatzea.

Saiakera horretan, Euskaraldia Hika egitasmoa jarri dute martxan. Euskaraldian, zukaz gain, hika ere entzuteko eta hitz egiteko ekimena da, hitano hizkuntzak aktibatzeko, sortzeko eta hitanoa plazazarako. Deia herriei egiten zaie. Herri bakoitzak erabakitzen du egitasmo honekin bat egitea edo ez. Horrela egiten dutenetan, txapan H-a ipintzea izango da ezaugarria. H-aren esanahia da: "Nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu", izan Ahobizi ala Belarriprest. Hala, Euskaraldia Hika herri horretako herritarrek galdera bat gehiago izango dute izena emateko formularioan. Euskaraldia Hika herrietako biztanleei, txaparekin batera H gometxak banatuko zaizkie.

Martxoaren 1era arteko epea dute herriek izena emateko. Oñatik, Arrasatek, Bergara eta Elgetak, adibidez, eman dute izena, dagoeneko, Euskaraldia Hikan.

Beste erronka batzuk ere bai

Euskaraldian hitanoa sartzeaz gain, Euskal Herriko II. Hika Topaketa egingo dutela ere aurreratu dute ZirHika taldeko kideek: Markina-Xemeinen (Bizkaia) izango da, 2025eko azaroan. Abenduan, berriz, II. Hikadromoa antolatuko dute Durango Azokan. Praktika onen dekalogo bat ere egingo dute, hutsetik hasita hitanoa bultzatu nahi duenari gida-lerro batzuk proposatzetzeko. Eta hitanoa gaztetxoengana ere heltzeko, udalekuetan hitanoa txertatzen saiatzea izango da beste erronketako bat; Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen bertso udalekuak eta UEMAk antolatzen dituen Salto! udalekuak dira saikera egingo duten bi udalekuak.

Oñatin sortuta

Badihardugu euskara elkartean 2019an hasi ziren hitanoa bultzatzeko lanekin; hainbat lekutan, baina bereziki Oñatin: Ingo Xonau! ekimena izan da laborategi nagusia. Noka jasotzeko elkarrizketak, hikalaguna, hika ikastaroak, hika ikasteko liburuxkak, Hika Egunak, Appa Hi! aplikazioa... han sortutako ekimenetako batzuk beste herri batzuetara ere zabaldu dira gero (Appa Hi! aplikazioa hamaika herritarako prestatu da). Ibilbide horietan beste hainbat herrietan ere lanean zebiltzala ikusten zuten. Hala, 2023ko azaroan Euskal Herriko I. Hika Topaketa antolatu zuten Oñatin, Badihardugu euskara elkarteak eta UEUk, hainbat erakunderen babesarekin, eta huraxe izan zen ZirHikaren abiapuntua.

ZirHika taldean euskara teknikariak, euskara elkarteetako kideak, irakasleak, ikerlariak... esparru askotako herritarrak daude. Lurralde guztietakoak. Taldearen helburua: hitanoaren erabilera sustatzeko indarrak batzea eta ekimenak elkarrekin aurrera eramatea. Oraingoz, Badihardugu euskara elkartea da taldea koordinatzen duena. Taldea zabalik dago eta deialdia egin gura die hika eragile guztiei, parte hartzera anima daitezen: "Denetik behar dugu: batetik, gurekin batera gauzak antolatuko dituztenak -ZirHikatzaileak- eta bestetik, baita guk antolatutako ekintzetan parte hartuko dutenak eta babesa erakutsiko dutenak ere: ZirHikazaleak".

Zapatuan ZirHikak prentsarako egindako agerraldia (Argazkia: Badihardugu).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak