Avanzako langileak greban izango dira bost egunez, bihartik hasita

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 26a, 15:07

Avanzako langileen protesta bat, artxiboko irudi batean.

Enpresa batzordearen hitzetan, "ez dago aurrerapausorik" negoziazioetan, eta, beste behin, grebara jotzeko erabakia hartu dute.

Gipuzkoako Avanza Movilidad SA enpresako langileek beste bost greba egun zehaztu dituzte datozen egunetarako: bihar, hilaren 27an, 02:00etan hasiko da, eta martxoaren 4ko 02:00etara arte luzatuko da, zerbitzu minimoekin. Hala, hemezortzi egun egingo dituzte greban aurreko aldiak gehituz gero, eta egoera konpondu ezean, gainera, mobilizazioak eta protestak "areagotuko" dituztela jakinarazi dute. Esate baterako, etzi, hilaren 28an, auto-karabana egingo dute Debabarrena eta Debagoiena eskualdeetan, eta martxoaren 3an, berriz, elkarretaratzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean.

ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek osatutako enpresa batzordeak ohar bidez adierazi duenez, atzo egin zuten batzarra konpainiako ordezkariekin langileek, baina salatu dute "aurrerapausorik ez zela eman", eta enpresak "uko" egiten diola plantillaren "aldarrikapen nagusietako bi kontuan hartzeari: ez da aurrerapausorik lanaldi murrizketatan, ez eta lan denbora zenbatzetan". Ez zen, ordea, eginiko batzar bakarra izan, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun sailburuarekin izan baitzen enpresa batzordea aurrez: "Konpainiarekin ditugun negoziazioen egoeraren berri emateko eta lanaldi murrizketa lortzeko bere inplikazioa eskatzeko. Aldundia ados agertu zen sindikatuek egindako eskaerarekin, eta adierazi zuen enpresarekin akordioa lortuz gero, konpromisoa hartuko zuela hurrengo lizitaziorako 1.592 orduko lanaldi-murrizketa bermatzeko". Dena den, beharginek erantsi dute Avanzak dioela "Aldundiak ez duela murrizketarik ezarri nahi, eta horregatik zuzendaritzak ez duela hobekuntzarik planteatzen eduki honen gainean".

Lehentasuntzat ezartzeko eskaria

ELAk sei ordezkari ditu enpresa batzordean, eta, horrenbestez, "gehiengoa izanik", Avanzari eta Foru Aldundiari eskatu die lehentasuna eman diezaiotela "sektore honetan lanaldiak dakarren arazoa konpontzeari, eta lehenbailehen ekar dezatela proposamen bat negoziazioetara gatazka konpontzeko". Hain zuzen ere, plantillaren aldarrikapenen artean daude: KPIa gainditzen duten soldata-igoerak; urteko eta eguneroko lanaldi-murrizketa; txanda-kontratua nahitaezkoa izatea, ez bakarrik hitzarmen honen indarraldian, baita modu mugagabean ere; behin-behineko lanaren erregularizatzea; eta azkenik, autobus flota hobetzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak