Lemak eta Malko musika taldeak hautatu dituzte Katapulta Tour Gipuzkoa programarako

Ibai Irasuegi Garai 2025ko ots. 25a, 18:19

Zortzi musika proiektu eta arte eszenikoetako bi izango dira aurtengo Katapulta Tour Gipuzkoa programan, eta bertan izango da Debagoieneko taldeen partaidetza ere.

Bergarako eta Antzuolako Lemak eta Oñatiko Malko musika taldeak izango dira Katapulta Tour Gipuzkoako aurtengo edizioan. Formatu txikiko musika proiektuak eta arte eszenikoak babesteko ekimena da Katapulta Tour Gipuzkoa, eta Goizane Alvarez Kultura diputatuak dio programak "Gipuzkoako talentua" eta "lurraldeko eszena dinamizatzen laguntzea" dituela helburu.

Kultur sektorea profesionalizatzeko

Proiektuak abian daramatzan hamar urteetan, aurtengoak kontuan hartuta, 124 proiektu lagunduko ditu Katapulta Tour Gipuzkoa proiektuak, eta, Gipuzkoako kultur eragileak laguntzeko, haien profesionalizazio prozesurako horrelako apustuak egitea garrantzitsua dela dio Ane Abaldek, Kutxa Fundazioko arduradunak: "Gure ustez, ikusgarritasun eta prestakuntza aukerak konbinatzea funtsezkoa da, beren karrerak garatzeko eta Gipuzkoako kultur sektorea indartzeko".

Aurten, 148 proposamen jaso ditu programak: 128 musikalak eta 20 arte eszenikoetakoak. Haietatik hamar musika proiektu hautatu dira: zortzi musika proiektu eta arte eszenikoetatik bi: Ane Leux, Bobbi Relac, Lemak, Luke Armstrong, Malko, Nuria Culla, Peachy Joke eta Suite Sedaren proiektuak musika arloan, baita Amaia Elorza eta Joan Ferreren Aquí está todo eta Alain Zulaikaren eta Sergio Martinezen Twobascos piezak ere.

Ibilbidea garatzeko baliabide ugari

Aukeratutako talde bakoitzak prestakuntza-programa bat izango du, lau zuzeneko emanaldi egingo ditu, entseatzeko erabili ahal izango ditu Kutxa Fundazioak Tabakaleran dituen instalazioak, eta protagonistak izango diren promozio-bideo bat egin ahal izango du 2025ean zehar. Horrez gain, hautatu ez dituzten gainontzeko taldeek aukera izango dute prestakuntza-programa batean parte hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak