Hazilan+ programa aurkeztu du Mankomunitateak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 25a, 15:33

Hazilan+ programako edizio bat. Irudia: Mankomunitatea.

Langabezian dauden "pertsona kualifikatuei" dago zuzenduta, eta bi edizio egingo dira 2025ean Debagoienean; lehena, martxoaren 24an hasiko da, eta 14ra arte eman daiteke izena.

Debagoieneko Mankomunitateak, Garapen Agentzien Euskal Elkartearen bidez, Hazilan+ programa aurkeztu du, "kualifikazio maila ertain-altua izan arren, lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten langabeen laneratzea lortzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko" asmoz. Hori dela eta, hainbat orientazio-ekintza jarriko ditu parte-hartzaileen eskura: "Zeharkako gaitasunen trebatzea, ezagutzen eguneraketa eta enpresako praktikak, besteak beste".

Programa "langabezian dauden pertsona kualifikatuei" dago zuzenduta, baina sustatzaileek adierazi dute "arreta berezia" jartzen dutela "geldialdi baten ondoren lan-merkatura itzuli nahi duten emakumeengan, kasu gehienetan zainketa lanetan egon direlako". Horrez gain, azpimarratu du parte-hartzaileek "beren beharren eta ezaugarrien araberako laguntza pertsonalizatua" jasoko dutela: "Lan-merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lortu ahal izango dituzte 80 orduko talde tailerren bidez. Ibilbide hori enpresan praktika bekadunak eginez osatzen da, parte-hartzaileek benetako lan-esperientzia izan dezaten".

Izen-ematea zabalik

Urtean bi edizio egingo dira Debagoienean, eta martxoaren 24an hasiko da lehena; hala, 14ra arte dago izena emateko aukera. Horretarako, halere, hiru baldintza bete behar dira: Debagoieneko herriren batean erroldatuta egon behar da, baita langabezia ere, eta erdi edo goi-mailako Lanbide Heziketako zikloa, unibertsitate-gradua edo unibertsitate-ondokoa amaituta izan behar da. Hiru puntu horiek betez gero, bi bide daude aurkezteko: aurrez aurre, Mankomunitateak Arrasaten duen egoitzan, 09:00etatik 14:00etara, edo webgunean, erregistro elektronikoa erabiliz.

Hemen eskaera orria eta izen emateari buruzko informazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak