Debagoieneko autobus bidaia kopurua %8,19 hazi da 2024an

Julen Murua Mesonero 2025ko ots. 21a, 12:21

Lurraldebusek urteko autobus bidaiari kopurua gainditu du beste urte batez; izan ere, 28,8 milioi bidaiarirekin itxi du urtea, iaz baino %8,71 gehiago. Hala, iaz gainditu zuen errekorra hautsi du berriro.

Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, 2023an baino 2,3 milioi bidaia gehiago egin dira Gipuzkoan eta kontzesionario guztiek orain arte zituzten datuak hobetu dituzte. Hortaz, 2023an inoizko datu onenak lortu ostean, Lurraldebusek zenbaki horiek gainditu dituela jakinarazi du Foru Aldundiak. Hain zuzen, 28,8 milioi bidaiarekin itxi du 2024a Lurraldebusek; iaz baino %8,71 bidaiari gehiago.

Debagoienean ere hazten

Gipuzkoako datuak hazi egin dira, baina baita Debagoienekoak ere. Alde batetik, bailarako kontzesionarioko erabilera-datuak 8,19 puntu hazi dira iazko datuekin alderatuta. Bidaia kopuruari dagokionez, Debagoienean lan egiten duen Avanza enpresa da Gipuzkoan bidaia kopuru handiena egin duen hirugarren emakiduna 5,5 milioi bidaiarekin –aurretik daude Oarsoaldean eta Bidasoan lan egiten duen Ekialdebus eta Buruntzaldean eta Tolosan zerbitzua ematen duen TBH–.

Bailaran gehien erabiltzen diren lineen artean bi nabarmentzen direla adierazi du Aldundiak; alde batetik DG05 (Eibar>Arrasate>Eskoriatza>Gasteiz) lineak 649.400 bidaiatik gora egin ditu; bestetik, DG10 (Bergara>Arrasate>Aretxabaleta>Eskoriatza) linea 645.600 bidaia baino gehiagotan erabili da. Horrez gain, Loiuko aireportuarekin lotzen duten zerbitzuek izan duten bidaia-hazkundea nabarmentzen du Dominguezek; izan ere, DO04 lineak (Donostia>Bilboko aireportua) milioi erdi bidaia inguru egin ditu (467.125), hau da, %33,5ko igoera izan du 2023arekin alderatuta, eta DG12 linea, Arrasate Loiuko aireportuarekin lotzen duena, %90,71 hazi da, ia 43.500 bidaiarekin. 

Bidaia kopuruak ez ezik, Dominguezek adierazi duenez 2024an zehar, Lurraldebusek 12.231 errefortzu eskaini dizkie linea arruntei, erabiltzaileen hazkundeari erantzuteko. Ildo horretan, Debagoienan eta ibilbide luzeko lineek izan dituzte zerbitzu indartu gehien; guztira, 5.822.

Inbertsioa handitzen

Datuak kontuan hartuta, diputatuak jakinarazi du Lurraldebusek 2025ean Gipuzkoako historiako inbertsiorik handiena izango duela: "Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak dituen 73,4 milioi euroetatik, 61 milioi Lurraldebusi zuzenduko zaizkio, hiru helbururekin: erabiltzaile kopuruaren hazkundearen testuinguruari erantzuten jarraitzea, udalerrietan eta eskualdeetan sortzen ari diren beharrei erantzuteko errefortzuak eta zerbitzu bereziak jartzearen aldeko apustuari eustea, eta Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin eta alderantziz lotuko dituen linea berria abian jartzearen aldeko apustu estrategikoa, Goierriko bizilagunen eta hiriburutik Goierrira joaten diren pertsonen aldarrikapen historiko bati erantzuna emateaz gain, lurraldean eskaintzen dugun garraio publikoaren zerbitzuak jauzi kualitatibo garrantzitsua eman dezan laguntzen dugu, azkenean, Lurraldebusen zerbitzua gure eskualde guztietara iritsiko baita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak