Musika, dantza, zirkoa, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat arte diziplina uztartuko dira Bizkaia Arenako oholtzan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei herri omenaldia egiteko. Euskal eszenako 20 artista baino gehiago batuko dira Bizkaia Arenan, eta ikuskizuneko zuzendari Agurtzane Intxaurraga "oso eskertuta" agertu da ikuskizunean parte hartzeko baiezkoa eman duten artista guztiekin.
Abestiz eta argazkiz josita
Dagoeneko hasi dira eszenatoki gainera igoko diren artistekin lanean, eta ikuskizuneko gidoia sortzeko ardura duen Ane Labakak iragarri du "abesti mitikoak" oholtzaratuko dituztela; besteak beste, Musua, Amona Maria Luisa eta Maite zaitut. Horrez gain, pailazoen historiaren lekukotasunak biltzeko deia ere egin dute antolatzaileek: "Ia guztiok daukagu txikitako argazkiren bat beraiekin, eta 37 urteko ibilbidean zenbat bihotzetan sartu diren erakutsi nahi
diegu, BEC!-en argazki horiek guztiak plazaratuz", adierazi du Maite Zaitut elkarteko kide Nerea Godoyk.
Goienakideentzat sarrerak
Ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko, 15 eurotan, nikeremaitezaitut.eus atarian. Hala ere, Goienakideek aukera bikoitza izango dute sarrerak eskuratzeko; izan ere, Goiena Komunikazio Taldeak ikuskizunerako bi sarrera zozketatuko ditu Goienakide direnen artean.