Derioko alkate den Esther Apraiz elkarte-buruak gidatu du batzarra, bi elkarte-buruordeekin batera: Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, eta Cristina Laborda, Irungo alkatea. Eudelen gobernua osatzen duten Batzorde Eragileko hamabi kideak ere izan dira agertokian, horien artean, Izaro Elorza, Oñatiko alkatea. Elkartutakoen artean, ostera. Debagoieneko hainbat alkate eta udal ordezkari izan dira.
3,8 milioi euroko aurrekontua
Elkartearen 2025eko aurrekontua onartu dute: 3,8 milioi eurokoa hain zuzen ere, 2024koa baino %2,86 handiagoa. Udalen parte-hartze prozesu baten bidez adostutako aurrekontua izan dela adierazi dute, udal-bazkideek euren proposamenak helarazteko aukera izan dutelako. Aurtengo ekintza-plana garatzeko partidak zehaztu dituzte: 700.000 euro azterlanak eta lanak egiteko (proiektu estrategikoak) eta 328.770 euro programetarako (prestakuntza, berdintasuna, euskara, gobernantza); azken partida hau hainbat erakunderekin –Emakunde, Euskaltzaindia, Europako Kontseilua…– egindako hitzarmenen bidez finantzatzen da. Apraiz pozik agertu da bazkideen aldetik jasotako babesarekin: "Udalentzako funtsezko laguntza izaten jarraitzeko erantzukizun eta konpromiso ariketa delako". Era berean, desberdinen arteko batasunera eta akordiora heltzeko deia egin du.
Udalek "funtsezko zereginak"
Batzarreko hitzartze nagusian "ziurgabetasun handiko" nazioarteko agertokia aipatu du, baita "autoritarismoek eta gorrotoaren diskurtsoek" demokraziarentzat dakarten mehatxua ere. Ildo horretatik, azpimarratu du udalek "funtsezko zeregina" dutela gobernantzan "erakundeekiko kohesioa eta konfiantza soziala indartzeko".
Erakundeen arteko lankidetzari dagokionez udalek "erantzun bateratuak eta koordinatuak" lantzeko borondatea dutela adierazi du: "Erronkak oso handiak dira. Eta eskura ditugun ahalegin eta baliabide guztiak batzea eskatzen dute".
2025eko jarduera-ildoak
Eudelek bi ardatz nagusi ditu: udalentzako zerbitzua eta erakundeen arteko lankidetza. Eta horiei jarraituta Batzorde Erakundeak landutako ekintzen proposamena aurkeztu diete alkateei. Hamar jarduera-ildo zehaztu dituzte; horien artean honako hauek daude: 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrien –EAEko udalerrien %80– erronkak aztertzea; eta Udalhitz akordioa, 20.000 udal-langilerentzako baino gehiagorentzako hitzarmena eguneratzeko konpromisoa.
Pertsonak erdigunean jartzea ere ardatzen artean dago, gizarte-politika guztiak batuta, eta ekintzen artean nabarmendu dituzte: gorroto-delituetarako (arrazismoa, ijitoen aurkako, LGTBIfobia) tokiko jarduera-gida bat egitea; indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko tokiko protokoloak eguneratzea; zaintza feministen eta erantzukideen tokiko sistemak diseinatzeko eredua; eta, udaletan, emakumeek politikan parte hartzeko Behatokia.
Hirigintzari dagokionez, etxebizitza eta gela turistikoen erabilera arautzeko oinarri komun batzuk prestatzea zehaztu dute eta jasangarritasunaren kasuan, EEErekin eta Udalsarearekin lankidetzan aritzea, bereziki energia-komunitateen eta energia-autokontsumoaren arloan. Eta aisialdian euskara sustatzeko jardunbide egokien dekalogoa egitea ere jarduera-ildoen artean dago.